Nondik ateratzen dut denbora hainbeste telesail ikusteko?

Nondik ateratzen dut denbora hainbeste telesail ikusteko? https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/nondik-ateratzen-dut-denbora-hainbeste-telesail-ikusteko/@@download/image/editoriala.jpg
2023/04/18

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Nondik ateratzen dut denbora hainbeste telesail ikusteko?


Michael Giacchino Lost

“Nondik ateratzen duzu denbora hainbeste telesail ikusteko?”; zalantza izpirik gabe, bizitzan gehien egin didaten galdera da hori. Orain nik zuri galdetuko banizu: Nondik ateratzen duzu denbora tabernan hainbeste ordu igarotzeko? Eta futbola etengabe ikusteko? Eta mugikorrak ia sua hartzen duen arte sare sozialetan aritzeko? Eta gimnasioan burua galdu arte egoteko? Eta…
Erantzuna uste duzuna baina motzagoa eta sinpleagoa denez, lehenik nire telesail-mendekotasun hau nondik datorren azaldu nahi dizut, serie-jatun aseezina bihurtzearen erantzuleak zeintzuk izan diren. Neurrian, baina telebistari nahiko itsatsia hazi den haurra izan naizela aitortuko dizut: Dragoi Bola, Parker Lewis-ek ez du sekula galtzen, Growing Pains, Alf, Punky Brewster, Family Matters, The Fresh Prince of Bel-Air, Knight Rider, V, Saved by the Bell... 80ko hamarkadako telesail horiekin guztiekin batera igaro nuen haurtzaroa eta horiek dira zalantzarik gabe nire egungo seriezaletasunaren lehen hazia erein zutenak. 90eko hamarkadan, ordea, bi telesail estreinatu ziren: Twin Peaks eta X-Files. Lehenak, David Lynchen telesailak, trama konplexu eta ausartagoak sortzeko bidea erraztu eta ireki zien beste ekoizpenei. Twin Peaksen ausardia horri asko zor dio hiru urte geroago estreinatu zen X-files zoragarriak. Garai hartan, telesail batean ikusi ez ziren kontzeptu estetikoak eta narratiboak loratu zituzten biek. Umezarotik nerabezarorako iragatean nengoen eta adin horretarako biak ala biak ere nahiko bortitzak zirenez eta gainera ordu txikitan ematen zituztenez, gurasoek ez zidaten ikusten uzten. Zorionez, VHS-ak eta grabagailuak ongi baino hobeto menderatzen nituen eta ezkutuan atal guztiak grabatzen nituen ahal nuenean apurka irensteko. Bi telesailek leiho berri bat ireki zuten nire garunean eta ikus-entzunezkoekiko beste pertzepzio bat piztu zuten. Baina nire benetako mendekotasunaren metxa piztu izanaren erantzule handiena Lost izan da. Gauza ugari aldatu zituen telesailen munduan eta batez ere nire barnean: serieekiko dugun kontzeptua eta, batez ere, kontsumitzeko modua. Nire lehen adikzioa izan zen eta masiboki Internet bidez kontsumitzen genuen lehen istorioa bihurtu zen. Ikaragarria. Nire bizitzako telesaila. Geroztik ez naiz bera izan.
Ene, nire lehenengo clickbait-editoriala idazten ari ote naiz? Galdera bat erantzuteko helburuz egin dut eta oraindik erantzuteke. Bi euskarri nagusi ditu lerroburuko galderaren erantzunak: lehentasunak eta antolakuntza. Norberak dituen bizitzako lehentasunen zerrenda imajinario horretan, ikus-entzunezkoak lehen postuetan kokatzen ditut; beraz, eguneko 24 ordu horien barruan hutsune libreak topatzen ditudan bakoitzean beti eskaintzen diet tartea, beti. Eta, bestetik, antolakuntza zorrotza; hileroko plangintza bat daukat, astez aste estreinatzen diren telesail zein filmen izenburuekin edota ikusteke dauzkadanekin, eta asteka antolatzen joaten naiz egun bakoitzean zer ikusiko dudan erabakitzeko. Ondoren, zer ikusi dudan, noiz, gustatu zaidan ala ez… guztia idazten dut urtea amaitzen denerako ondo antolatua izateko. Argi?