Minik gabe lan egiteko eskubidea

Minik gabe lan egiteko eskubidea https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/minik-gabe-lan-egiteko-eskubidea/@@download/image/editoriala_240.jpg
2022/06/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: @lumakairean_

Minik gabe lan egiteko eskubidea


Belle and Sebastian 'Another Sunny Day’

Sabeleko kalanbreak, goragalea, nekea, zorabio-sentsazioa, buruko mina, bizkarreko mina, ondoez orokorra edota migrainak. Honekin guztiarekin, hilean behin eta beraien bizitzan zehar kontaezinak diren alditan, lan egiten dute askok. Menstruazioaz edo hilekoaz ari naiz, jakina, eta min hori lanaldiarekin uztartzeaz, hori bai, mota guztietako antiinflamatorioak dituzten medikamentuak hartuz. Ziur oso gutxiri pasatu zaiela burutik arrazoi horrengatik medikuarengana joatea, eta hori egiten dutenek ez dute baja lortzeko diagnostikoa nahi, lanera joan ahal izateko dagoen lasaigarririk eraginkorrenaren errezeta baizik.
Berdintasun Ministerioaren Sexu Hezkuntza eta Ugalketa legeak hiru eta bost egun bitarteko bajak aurreikusten ditu hileko mingarriak jasaten dituztenentzat. Ezkutuan dagoen errealitate bat azaleratzen lagunduko duen neurria iruditzen zait, apur bat berandu iritsi den arren, pozgarria. Hileko mingarri batengatik baja hartzeko aukera jasoko du azkenean abortuaren legeak, eta ikaragarri pozten naiz. Lanera minarekin joatea normala ez izateko eta hilekoaren inguruko estigma, lotsa eta isiltasunarekin amaitzeko aurrerapausoa zalantzarik gabe.
Aitortuko dizut, menstruaziorik ez duen gizonezkoa izanik, apur bat arrotz sentitzen naizela lerro hauek idazten, honetaz idazteko eskubiderik izango ez banu bezala-edo, baina urte luzez bikotekideak hilerokoarekin sufritu duenaren lekuko izan naizenez, gai honetan nire hondar-alea jartzeko baimena eskatu nahi dizut. Horretarako, gehienetan –gehienetan ez, beti!– egiten dudan moduan, zinemaz baliatuko naiz, zehazki Filmin-en ikusgai daukazuen La luna en ti (Diana Fabianova, 2010) ikus-entzunezkoaz, bertatik ateratako esaldi hauek hausnartzeko egokiak iruditu baitzaizkit. Lan honetan, Diana Fabianovak emakumeen bizipen eta sentimenduetara bidaiatu nahi izan du hilekoa bitartekari gisa jarrita:
“Hilekoa analizatua, zalantzan jarria eta iritzi publikora ezarria izateko arrazoi politikoak daude. Gerraren ostean emakumea etxean egotea nahi zuten, eta hamaika mito zabaldu ziren emakumea bere gorputzaren beldur izan zedin. Karen Houppet kazetariak dio orain gutxi arte ez dela honi buruzko ezer azaldu, ez liburu eta ez pelikuletan. Emakumeak ez dela gertatzen sinesten du. Pentsa bere gorputzean aldaketak sumatzen dituen neska batentzat zer den horri buruzko ezer ez entzutea. Lotsagarria dena horretaz ez hitz egitea da. Erlijioak, zientziak eta politikak zikindu egiten dute gaia. Gure gorputza gaizki deskribatzen dute eta guk sinetsi egiten diegu. Kontrola guk eraman dezakegu, baina gizarteari uzten diogu. Gure gorputzak haren eskuetan dauden txotxongiloak dira eta ez gara konturatzen gu geu garela gorputza”.