Lehentasunak eta kontraesanak

Lehentasunak eta kontraesanak https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2022/05/10

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Rachel Sender
rachelsender.com

Lehentasunak eta kontraesanak


Yaw ‘kontraesana naiz’

 

Telesail gehiago ikusten ditugunetik, liburu gutxiago irakurtzen ditugu. Ez dut kultur kontsumoari buruzko datu ofizialik bilatuko, begi-bistakoa iruditzen zaidan argudioa delako. Ez dakit galera literarioa zenbatekoa den telebistaren irabaziaren aurrean, baina balantzea hori dela eztabaidaezina iruditzen zait. Gero eta argiago daukat eta nik neuk hala bizi dut: lehen irakurketari eskaintzen nion denboraren zati handi bat –osoa ez esatearren– orain telesailei eskaintzen diet.  
Aitorpen hori egin ostean –ziur zuri ere antzeko zerbait gertatu zaizula, beraz, ez begiratu beste alde batera–, nire bizitzaren kontzeptu etengabe bat sartuko dut jokoan: kontraesana, lehen paragrafoan mahaigaineratu dudan argudioa maiseatuko baitut. Iruditzen zait irakurketak ez lukeela zertan beste aisialdi moten aurka lehiatu, guztia lehentasun kontua besterik ez dela uste baitut, eta erabat bateragarria izan daitekeela. Pantaila txikiko istorioak gure egunerokoan txertatu diren arren, irakurtzea benetan maite duen horrek, gutxiago bada ere, irakurtzen jarraituko duelako. Gaua iritsi, sofan eroso eseri, eta Better Call Saul telesailaren bost atal irentsi beharrean, atal bakarra ikusi eta mesanotxean duen liburuko hiru pasarte irakurriko ditu, adibidez. Edota Jonathan Martinezen eleberriarekin zeharo katigatuta badago, ez du telebista piztu ere egingo. GAZTEZULOko Maitane Legarreta edota Jaione Dagdrømmer lankideen adibideak jarriko ditut; filmak eta telesailak ikustea maite duten arren, liburu asko ere irakurtzen dituzte. Superbotereak akaso? Tira, baliteke, ez naiz horretan sartuko badaezpada –une honetan hau irakurtzen ari bazarete, ez jaurti telekinesia bidezko madarikaziorik mesedez–. Ez dago formula magikorik: lehentasunak, lehentasunak eta lehentasunak. Nire kasuan argi daukat lehentasuna zinema eta telesailak direla, beraz, gutxiago irakurtzeko joera zuritzeko aitzakia nahiko merkeak jartzen ari naizen sentsazioa daukat.
Antzeman duzu, ezta? Hortxe zegoen kontraesana. Gutxiago irakurtzen dut telesail gehiago ikusten ditudanetik? Irmotasunez baietz erantzun dut hasieran, baina bizitzako ezinbestekoen zerrenda horretan liburuak lehen postuan kokatzen ez ditudan bitartean, nekez egingo dut gehiago irakurtzeko ahalegina.