KM 0?

KM 0? https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/km-0/@@download/image/editoriala_236.jpg
2022/02/24

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: @andonisalvador_

KM 0?


Anari ‘Efemerideak’

Jaten duguna garela diote, eta horregatik da garrantzitsua jaten ditugun elikagaiak osasungarriak izatea, baina ez gure osasunari laguntzen diogulako bakarrik, baita elikagai jakin batzuen ekoizpenak ingurumenean duen eragina arinduko duelako ere. Gure ingurumena babesteko ideia horri erantzuteko, Ama tabernako sukaldariek ongi baino hobeto dakiten moduan, gastronomia jasangarriaren ideia sortu zen, baliabideak alferrik galdu gabe eta gure ingurune naturalak kaltetu gabe. Elikadura jasangarriaren adar bat, eta azken urteotan gure etxeko lanketa pertsonalean ezinbestekoa bilakatu dena, kilometro 0 produktuak dira. Gertuko saltzaileen produktuak erosteaz gain, etiketak zehatz-mehatz erreparatzen ditugu eta ‘Perun poteratua’ eta halako gauzak irakurtzen ditugunean guztiz baztertzen ditugu aspalditik.
Deigarria egiten zait, ordea, eta hau da otsaileko editorialean zurekin partekatu nahi dudan hausnarketa, astero herriko denda txikietan erosketa egiten dugunean, ze gazte jende gutxi ikusten dugun. Tira, baliteke justu gu joaten garen unean beraiek ez joatea, baina urte batzuk daramatzat erosketak egiten eta ia anekdotikoa iruditzen zait nire adinekoak edota gazteagoak denda horietan topatzea. Arriatzu barazkiak, Pineda, Artola edota Alberdi harategiak, Amane belar-denda, Oretuz okindegia, Adarraga eta OA gozotegiak, Mahuka arropa-denda, Ikusi-Makusi jostailu denda… Gehienetan gu izaten gara gazteenak. Merkataritza-guneetako edota hiriko denda erraldoietan, ordea, maizago eta errazago ikusi izan ditut nire adinekoak. Kasualitatea? Ez dut uste. Hipokrisia apur bat? Baliteke. Sare sozialetan eta lagunartean herriko denda txikietan erostearen aldeko aldarrikapen zein itxurakeria ugari, baina inor begira ez dagoenean munstro horietan egiten duzu erosketa, ezta? Bai, badakizu hala dela.
Orain inor begira ez dagoela, esadazu egia, zure erantzuna baiezkoa izan da. Ariketa txiki bat planteatu nahi nizuke orduan: egiten duzun hurrengo erosketan, hartu jogurta, esnea, piperrak, arrautzak edota gazta esaterako, eta, atzeko etiketan begiratu ostean, kalkula ezazu zenbat kilometro egin behar izan dituzten produktu horiek zure hozkailura iristeko. Kontrara, eta behingoagatik bada ere, etxetik gertu dituzunei erosi eta egin ezazu kalkulu bera, ea zer ondorio ateratzen dituzun.
Etxean aspaldi egin genuen gure herriko denda txikietan edota etxetik gertu dauzkagun baserritarren azoketan erostearen aldeko hautua, tokiko ekonomia laguntzeaz gain, badakigulako zer jaten dugun, elikagaiak alferrik galtzea eragozten dugulako, produktu freskoak erosten ditugulako eta, batez ere, gure txikitasunetik bada ere, ingurumena zaintzen ala, behintzat, ez kaltetzen laguntzen dugulako.