IZENA DUENA BADA

IZENA DUENA BADA https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/izena-duena-bada/@@download/image/ESAERA_BERRIAK_handia.jpg
2017/11/30

Testua: Beñat Gaztelumendi
Ilustrazioa: Unai Gaztelumendi

IZENA DUENA BADA

Izena duena bada, eta izena jarri ziotelako ezagutzen dugu Altzoko Erraldoia. Altzoko eta Erraldoia. Ezin jakin Joakin Elizegi nolakoa zen; Altzokoa eta erraldoia zela baino ez. Eta hara orain Handia-ren istorioa pantaila erraldoian eta hizkuntza txiki batean. Altzokoari Erraldoia deitzen diogun moduan deitzen baitiogu euskarari txikia; hizkuntza txikiagoak milaka badiren arren, txiki baino txikitua egokiagoa litzatekeen arren, hiztun gutxi baino garen hiztunak gutxituak garen arren txiki deitzen diogu gure hizkuntzari, eta zahar ere esaten diogu, eguneroko ere esan genezakeen arren.

Izena duena bada, eta gure fikzioak ikusteak egiten gaitu herri; gure burua pantaila batean proiektatzeak, gure izen, izengoiti eta izenondo guztiekin. Izena duena bada, baina ez da beti duen izen hori izaten. Akaso, bada garaia gure buruari jarritako izenak errepasatzen hasteko.