Imajinatu Zinemaldia

Imajinatu Zinemaldia https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/imajinatu-zinemaldia/@@download/image/editoriala_242.jpg
2022/09/02

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: Andoni Salvador

Imajinatu Zinemaldia


Ennio Morricone Cinema Paradiso’

2022an 38 urte bete ditut. Donostiako Zinemaldiak 70. Bion arteko istorioak, aldiz, 25 urte. Garunean lehenagoko oroitzapen lauso batzuk baditut ere, 13 urte nituenekoa da Zinemaldiarekin dudan lehen oroitzapen sendoa.
1997ko iraila. Donostiako alde zaharrean zegoen Bretxa zinema-aretotik irten berria nintzen, Gros auzoan zegoen Metropolis liburu dendan zinemari buruzko liburu bat erosteko. Dendara iritsi aurretik, ordea, bi auzoak batzen dituen zubia gurutzatu eta parez pare ilara luze batekin egin nuen topo. Minutu batzuez kuxkuxeatu ostean, pertsona horiek Zinemaldiko sarrerak erosten ari zirela ohartu nintzen. Bi aldiz pentsatu gabe, zein film proiektatuko zituzten ez nekien arren, ilaran jartzea erabaki nuen. Leihatilara iritsi, ausazko aukeraketa egin –sailak, film motak eta abar ez nituen ezagutzen– eta bost sarrera erosi nituen guztira; guztiak asteburuan ikusteko jakina –zer uste duzu Zinemaldira joateagatik ikastolan piper egin nuela ala?–.
Bost horietatik bakarra gustatu zitzaidan arren, Martín (Hache) argentinarra, zazpigarren artearekiko txikitatik nuen maitasun hori hainbeste pertsonekin partekatzeak liluratu egin ninduen. Egun horietan Cinema Paradiso filmeko Totò sentitu nintzen eta berriro errepikatzeko gogoz geratu nintzen. Geroztik, ia harreman anekdotikoa izan behar zuena, harreman serio eta oso egonkor bilakatu da. 1997 eta 2021a bitarteko edizio guztietan egon naiz, ahal bezainbeste film irensten, eta 2013az geroztik gainera, kritikari-kazetari lanari esker, pasio bikoitzez bizi ditut egun horiek. Iraileko aste hori, urteko nire kutuna bilakatu da. Babel, Inglourious Basterds, Handia, Loreak, Children of men, Prisoners, Little miss sunshine, Argo, Joker, Parasite, Drive, Three Billboards Outside Ebbing, Just la garde, The Square eta abar. Film ugari nabarmenduko nituzke urte hauetan guztietan. Euskal ekoizpenak eta euskaren presentzia handitu egin da apur bat, baina gainditu gabeko irakasgai izaten jarraitzen du.
Ekaina inguruan edizio berriko lehen albisteak eta izenak zabaltzen hastearekin batera, nire urduritasun maila ere esponentzialki igotzen da. Errenkada luzeetan urtero topatzen ditudan ilara-lagun horiekin berriro elkartzeko unea iritsi da. Kafea, bidelagun banaezina, alboan hartu eta goizaldeko ordu batean film errusiar bat ikustetik atera ostean, goizeko zortzietan ilaran berriro jarri eta drama errumaniar bat ikusteko gogoa pizten duen jaialdi bakarra izango da ziurrenik.
Oroitzapen hauek guztiak Tabakaleran ikusi berri dudan Imajinatu Zinemaldia-ri esker loratu zaizkit. Ikus-entzunezko instalazioen bidez 70 urteko ibilbide ederra egiteko aukera eskaintzen duen erakusketa da.