Ikusten duzuna ikusten duzula, gozatu!

Ikusten duzuna ikusten duzula, gozatu! https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/ikusten-duzuna-ikusten-duzula-gozatu-1/@@download/image/editorialala_229.jpg
2021/08/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: jonathan bartlett
@bartlettstudio

Ikusten duzuna  ikusten duzula, gozatu!


Billie Eilish ‘Your Power’

Telesail guztiak “ikusi nahi, baina ezin” horrek antsietatea sortzen dizu? Ezer ez galtzearen obsesioa gailentzen ari da, eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortzen du?
Telesailena da, zalantzarik gabe, azken urteotako fenomeno kultural aipagarrienetako bat, gune kulturalean espazio geroz eta garrantzitsuagoa betetzen hasi baitira. Baina kopuruarekin eta hauek irensteko abiadurarekin itsutzen hasi garela uste dut. Kuadrillan edota lagun artean, adibidez, It’s a Sin telesaila etengabe aipatzen ari badira, eta zuk ekoizpen hori ikusten ez baduzu, elkarrizketa horietatik kanpo geratzeko arriskua duzu. The Mandalorian-en hirugarren denboraldia bihar goizeko 9:00etan estreinatzen bada, “ea nork ikusten duen lehenago” lasterketa amaigabean murgilduko zara. Hemen loratzen da, nire ustez, polemika honen gakoa: irakurketarekin gertatzen den bezala, alderdi atsegingarria ez galtzea ezinbestekoa izan beharko lukeela. Ikusleak istorioak ikusteko desiratzen baino, ikusi dituela kontatzeko gogoz dagoela dirudi. Ezer ez galtzearen obsesioa gailentzen ari da, eta antsietate horrek kontsumitzeko modu toxikoa sortzen du.
Alegia, ikusten duzuna ikusten duzula, gustura izan dadila, nahi duzulako, eta ez ondokoak hala egin duelako, sare sozialek bultzatu zaituztelako ala aipaturiko plataforma hauen algoritmoek burmuina xurgatu dizutelako. Eskaintza hainbeste zabaldu da, non egungo estreinaldi mordoa igerian dabilen, duela 10-15 urteko telesailekin batera. Ondorioz, ikusle askok uko egin diote borondatez aukeratzeari eta “zer ikusi” erremintak edota “gomendio” aplikazioak erabiltzen hasiak dira beraien ordez erabakiak hartzeko. Izar kopuruaren arabera edo Interneteko “adituaren” gustuen arabera. Beraien ordez aukeratze horrek frustraziora eraman dezake ikuslea eta “telesail gehiegi egiten dira” esaldia errepikatzen has daiteke.
Ez dago telesail gehiegi, liburu, film edo txokolate tableta gehiegi ez dagoen bezala. Erabateko ezagutza seriezale bat lortzeko nahiak eta elkarrizketetatik kanpo ez geratzeko beharrak gugan gabezia faltsu bat sortu duela iruditzen zait. Ikus-entzunezko hauetako asko behartuta bageunde bezala irensten ditugu. Beraz, ikusten duzuna ikusten duzula, gozatu!