“Jende gazteak ulertuko ez duena”

“Jende gazteak ulertuko ez duena” https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/ikusten-duzuna-ikusten-duzula-gozatu/@@download/image/editorialala_230.jpg
2021/08/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: ERICLYART

“Jende gazteak ulertuko ez duena”


Kauta ‘Nostalgia’

Azken asteotan Twitterren zabaldu da erronka: “Zure adina aitortu gabe, jende gazteak ulertuko ez duen zerbait esan ezazu”. Mota guztietako erantzunak utzi ditu erronkak, guztiak ere, ustez, gazteenek ez ulertzeko modukoak; “Bittor Aiape, Superbat, Xabi Metal, Euskaraokea, Cococrash, Tazoak, Makilakixki, Cinexin Telesketch, FT5 baloia, Makilgoxo, Scalextric, Gamusinoak, Gogoak, Push Pop, Cherry Coke, Txiskola, Flik eta Flak, MicroMachines, Euskarazko telesailak edota Etxe bat erosi dut” hitzak partekatu dituzte erabiltzaileek eta erronkak sekulako oihartzuna izan du.
Erronka horretatik tiraz, hausnarketa txiki bat partekatu nahi nuke: 80-90eko hamarkadan hazi eta hezi ginenok musika talde, film, jostailu eta era guztietako tramankulu berberak kontsumitu genituen eta horregatik izaten ari da hain arrakastatsua azken urteotan nostalgiarekin jolas egitea eta “produktu nostalgikoak” sortzea, ala belaunaldi guztietan bizi duten eta biziko duten zerbait izan(go) da? Gaur egungo gazteek hemendik hamabost urtetara erronka berbera egingo balute, adibidez, konexio bera sentituko lukete eta izenak errepikatu egingo lirateke? Geure belaunaldiarekin egiten dutena ez al zaizu iruditzen, sarritan, era tranpatian erabilitako nostalgia izaten dela eta iraganeko garai ederrak gogoratzen ditugunean idealizaziora jotzen dugula gehienetan?
Maite dut txikitako une ahaztezin horietara bidaiatzen laguntzen didan edozertaz gozatzea, baina ez gaitezen itsutu, ustezko “omenaldi” horien aitzakian gauza kaskarrak ere egiten direlako. “Nostalgia besterik ez da! Zeure gaztaroko turista bat baino ez zara”, zioen Sick Boy pertsonaiak Trainspotting 2 filmean. Sekulako pasioa eta zirrara sentitzen dut garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkidan bakoitzean, noski, baina Fran Lebowitz handiak dioen moduan, “nostalgia kulturaren barruan pozoia izan liteke”. Ez dakit pozoi hitza gehiegizkoa den ala ez baina, tira, “erronka nostalgiko” honi esker txikitako Gaizkarekin eztabaida txiki bat izateko aukera izan dut, eta hori eskertzekoa da beti.