IKUSI MAKUSI, ZE ITSUSI

IKUSI MAKUSI, ZE ITSUSI https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/ikusi-makusi-ze-itsusi/@@download/image/ilustrazioa_192.jpg
2018/02/21

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Aitor Suárez @aitorzart

IKUSI MAKUSI, ZE ITSUSI

Badira ezohikoak diren hainbat gauza, hainbat egoera. Eta hala eta guztiz ere, neuromarketin estrategiaren bat dela medio edo, ikusezin bilakatzen direnak. Ez dugu aztertuko hamarkadetan zehar erabilitako propaganda edota publizitate estrategien eragina –are gutxiago hauen helburua–, bi dozena lerro ez lirateke nahiko izango honen inguruan sarrera soil bat egiteko ere.

Ikusezinak bilakatu daitezke itsusiak diren ekintzak: politikarien korrupzioa, ingurumenarekiko arduragabekeria, animalien kontrako indarkeria, umeen hipersexualizazioa, genero femeninoaren kontrako gerra isila... A priori ezohikoak diren egoera hauek normalizatuz gero, ez dago zertaz damutzeko arrazoirik, ez dago aldarrikapenerako lekurik, desagertu egiten dira. Errepikapena da normalizazioa lortzeko estrategia erabilienetakoa. Zenbat eta gehiagotan ikusi edo entzun, orduan eta egi borobilago bilakatzen da, ohikoagoa.

Ezohiko ekintza zoragarriak normalizatzeak ere badu arriskua. Pertsona berezi askoren jarduera ohikoa bilakaturik, ikusezinak izatera igaro dira. Berdin du bizi osoko dedikazioa izan; bost axola dio beste inork hartu ez dituen ardurak bere gain hartzea; inork lortu ez dituenak egin eta, hala ere, itzaletan lanean jarraitzea.

Iraganean muturreko egoera batean, aurrera egiteko zirrikitua bilatu eta topatu duenaren meritua da gaurko garaipen handiena. Urrezko dominak forma eta kolore askotarikoak izan daitezke eta.