Hitzak urtaro batetik bestera

Hitzak urtaro batetik bestera https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2021/09/03

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 


Berri Txarrak ‘Iraila’

“Urte berria urtarrilean hasten bada ere, hasiera guztiek irailean abiapuntua duten sinesle sutsua naiz. Izan ere, udako amodio, gau luze eta mendi martxek erreleboa ematen diete ikasturteei, hiri desberdinetara egiten diren mudantzei eta lanpostu berriei.” Iraide Ibarrondo, GAZTEZULOko kolaboratzaile berriaren testuaren lehen esaldia da hori. Ezin aproposagoa iruditu zait iraileko editoriala hitz horiekin hastea. Iraila, hogeita hamar egunez osaturiko bederatzigarren hila. Ipar hemisferioan udazkena hasten da, eta hego hemisferioan, aldiz, udaberria. Abuztuko atseden luzearen ostean, proiektu edota helburu berriak hastearekin lotzen den hilabete bitxia iruditu izan zait beti. Ikasturte berria, asmo berriak, helburu berriak, motibazio berriak.
GAZTEZULO aldizkarian berrikuntza txiki batzuk egiteko aprobetxatu dugu. Hasteko, orrialde honetaraino tranparik egin gabe iritsi bazara, hasierako orriak txintxo-txintxo irakurriz, alegia, ohartuko zinen Lantaldea atalari aurpegi aldaketa egin diogula. Edurne Kortabarriak lantaldeko ilustrazio berriak sortu ditu, eta maketazio aldetik ere beste ukitu bat eman dio Nagore Koch-ek.
Edukiari dagokionez, hainbat gai jorratzeko desiraz geunden aspalditik, eta etengabe aipatzen ari naizen hilabete berri hau aitzakiatzat erabili dugu horiek aurkezteko. Moda Kontuak, Sareak, Ingurumena eta Zientzia Kaieratik. Hauek dira hilabetero topatuko dituzun atal berriak. Egileak Iraide Ibarrondo, Ziortza Guezuraga, Maite Uriarte eta Eider Saez izango dira. Lau emakume hauek fitxatu ditugu hain usain berezia duten orri hauetan beraien proposamenak, hausnarketak edota kritikak plazaratzeko.
Datozen hilabeteetan nire barrukoak zurekin elkarbanatzen ere jarraituko dut. Hainbeste maite dudan aldizkari hau ilusioz eta gogoz osatzen jarraituko dugu, irmoki, txikitasunaren handitasuna aldarrikatzen.
Ene, serioegi jarri naizela uste dut. Esan dizut iraila hastearekin batera transzendental samar jartzen garela beti. Tira, ongi etorri ikasturte berrira eta gozatu!


Iraila izango zen
hitzak urtaro batetik bestera
bidaltzen genituen
izen gabeko txorien antzera.