GIZARTE DISTONTOLAPIKOA

GIZARTE DISTONTOLAPIKOA https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2018/06/05

 

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Irrimarra @irrimarra

GIZARTE DISTONTOLAPIKOA

A ze gozamena Amazonetik egun batetik bestera ekarritako kafetera-iratzargailua. Ezagutzen al duzu kafe usainez esnatzearen sentsazioa? Ez da merkea izan, baina merezi duela seguru nago.

Astelehena da eta loaldia monitorizatzeko eskumuturrekoak esan dit gorputzaren jarduera nahiko orekatua izan dudala gaurkoan. REM fasearen ondoren, apenas pare bat postura aldaketa izan ditut eta nire bihotz taupadak modu erregularrean mantendu dira ia gau osoan zehar. Ze ondo!

Ohetik altxa gabe –eta kafe katilua eskutan– nire mugikorrak esaten dit goizean ateri eutsiko badu ere, 16:00etatik aurrera euri zaparradak izateko probabilitatea %80 dela. Lanera joateko bizikleta elektrikoan baino, autobusa hartu beharko dut. Autobus konpainiako app-ak dio 08:47an pasako dela nire kaleko markesinatik beraz, denbora izango dut oraindik tailerrera deitzeko. Atzo aparkatzen ari nintzela bat-batean atzeko kamera itzali egin zen eta gorriak ikusi nituen atzeko furgonetaren kontra kolperik ez hartzeko. A ze meritua kamerarik gabe lehengo kotxeak aparkatzeko, nola moldatuko ziren?

Hala, altxa ipurdi hori, alferrontzi! Komunera abiatu eta baskulak atzo baino 234g gutxiago pisatzen dudal erakutsi dit. Ez dago gaizki, baina bazkalorduan Glovokoei quinoa-entsalada ekartzeko eskatuko diet badaezpada ere.

Hara! Hortzetako-eskuila elektrikoaren bateria kargatzen uzten ahaztu zitzaidan atzo, eta orain zer? Nola demontre garbituko ditut hortzak?! Egon, bidaietako nezeserrean hegaldietan oparitzen duten eskuko horietako bat dudala esango nuke... Horrek gogorarazten dit datorren astean oporretara goazela eta terrazako landareen auto-riego sistema programatuta utzi behar dudala. Oroigarri bat jarriko dut mugikorrean, bestela ahaztu egingo zait seguru. Hotelak itxura ona du, bost izarreko balorazioa Tripadvisor-en eta komentario positibo pila. Kuadrillakoek beste bat gomendatu ziguten, baina bakarrik lau izar zituen...

Facebookek nire lehengusinaren urtebetetzea dela gogorarazi dit. Lanerako bidean GIF bat egiteko denbora dut... Badakit! Minions batzuk Happy Birthday kantatzen duen horietakoa bidaliko diot. Seguru nirea eguneko zoriontze originalena izango dela!