Garagardo bat zerura eroritakoen omenez

Garagardo bat zerura eroritakoen omenez https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/garagardo-bat-zerura-eroritakoen-omenez/@@download/image/ilustrazioa_Bigira-218.jpg
2020/06/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

 

Ilustrazioa: Bi Gira
@bi.gira

Garagardo bat zerura eroritakoen omenez

ZETAK ‘Zeinen Ederra Izango Den’

“Ikus-entzunezkoetan murgiltzea, errealitatean geratzen diren gauza ilun eta gogorrez mentalki apur bat aldentzeko maite dudan arren, zaila da fikzioan guztiz barneratzea, errealitateak honen bertsio hiperbolikoa dirudienean. Gure bizitzak betirako aldatuko dituen pandemiak, gure egunerokotasunaren oinarrizko xehetasunetan ondorio handiak izango dituen zerbait dela aurreikusten hasi beharko dugu. Hemendik hilabete batzuetara…”.
Hori da ziurrenik konfinamenduaren hasieran idatziko nuen sarrera, baina etengabe etorkizunak zer ekarriko didanari begira egon beharrean, edota nostalgia etengabearen zurrunbiloak itsututa, iraganeko garai onak bueltatzeko premia sentitu beharrean, konfinamenduak erakutsi didan gauzarik garrantzitsuenari buruz aritu nahiko nuke: orainaldia. Nire izaeragatik eta azken urteotan garuna proiektu ugarietan zatikatua edukitzeagatik, pandemia honen aurretik, planifikazio etengabe batean murgildua nengoela ohartu naiz. “Hurrengo astean zer? hurrengo hilabetean zer? urte bukaeran zer?” Eguneroko arruntaz gozatu beharrean etengabe hurrengo egunean pentsatzen eta atzean utzitakoarekin ondorioak ateratzen.
Orainaldiaz gozatzen, bizitzen eta balioztatzen ikasten ari naiz azken hilabeteotan, eta espero dut amesgaizto hau betiko amaitzen denean, nire bizitzan geratzeko etorri den ikasgai horietako bat izatea. Zuzeneko kontzertuak berreskuratu nahi ditut jakina. Zinema aretoetara bueltatu nahi dut krispeta usaina datorkidan bitartean argiak itzali eta filmaren hasierako tituluak berriro ikusteko, noski. Familia eta lagunekin elkartu nahi dut, zalantzarik ez izan. Koronabirusak eragindako bizitza berri honetan baloratzen ikasi ditudan keinu eta ekintza txiki horiek ere nire bizitzan nahi ditut berriro ere, nola ez. Hartu dezagun arnasa eta bete ditzagun geure neuronak pazientziaz eta batez ere saiatu gaitezen une honetan daukagunaz gozatzen. Zalantzarik ez izan, apurka-apurka bada ere, garai hobeak etorriko direla. Bitartean gozatu dezagun une honetan daukagunaz eta “garagardo bat zerura eroritakoen omenez”…

Lagun minekin ilunabarra
Eternala bihurtuko da
Xuxurlatuko digu ilargiak
Oraindik denok ez gaudela
Zeinen ederra izango den
Eguzki izpiak zure itzala
belarretan marrazten
Muxu bat Larrunen
Garagardo bat zerura
eroritakoen omenez
Ilobak amona ezagutzean
Haritz bat jaioko da Urbasan
Urteekin ohartuko gara
Betirako biziko zela