Ezerezetik osotasunera

Ezerezetik osotasunera https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2020/01/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

 

Ilustrazioa: Iñaki Landa
@iñaki_landa_

Ezerezetik osotasunera

Abendura iritsi gara eta 2019a apurka despeditzen hasi beharko dugu. Errepasoa egiteko eta ondorioak ateratzeko hilabetea izaten da askotan, baita asmo berrien zerrendak egitekoa ere. Urteko azken editorial hau osatzeko ordea, lehenengoari soilik eskainiko diot tartea, aurten bizitzarekiko dudan ikuspegia aldatu duen zerbait gertatu baitzait: Lesbosera egindako bidaia eta bertatik jaio den Kikarakada proiektua.
GAZTEZULOko 208. zenbakian azaldu nuen bertan bizitzako esperientzia, baina bizipen horretatik geratu zaidan arrastoa izango dut oraingoan hizpide. Lesbosetik bueltan, ordu batzuez Atenas hirian geldialdia egiteko tartea izan genuen. Bisita azkar horren erdian auzo anarkistara hurbildu ginen unean, horman margotua zegoen esaldi batek piztu zuen arreta nigan: “Every storm starts with a single drop, try to be that drop” (Ekaitz guztiak tanta bakar batez hasten dira, saiatu zaitez tanta hori izaten). Geroztik esaldi hori bueltaka darrai nire garunean. Lesboseko haur errefuxiatu horien aurpegietan txokolatezko irribarreak margotzeko intentzioz joan ginen eta tarte txiki batez hala izan zen arren, irribarre horiek segituan itzali ziren, beraien egoera latzaren gordintasunera bueltatu behar izan zuten unean. Saiatzen ari gara tanta hori izaten, baina ekaitz bilakatzeko asko falta zaigu oraindik.
Bertako umeak, azkarregi uzten diote ume izateari, eta heldu batek hartu beharreko erabaki bortitzak hartzeko beharra sentitzen dute uneoro. Ume horien bizitza eta batez ere etorkizunaren zatitxo bat hobetzeko intentzioz gabiltza lanean azken hilabeteetan baina tanta gehiago behar ditugu. Ziur, telebistan ia egunero mediterraneo itsasoko irudi penagarri eta lazgarri horiek ikusten dituzun bakoitzean “nik zer egin dezaket?” zeure buruari galdetzen diozula sarritan. Badakit zaila dela tanta xume bat bilakatuz eraldatu dezakezun hori irudikatzea, baina Zea Maysekoek dioten moduan, “ezerezetik osotasunera, txikitasunetik handitasunera, ametsetatik errealitatera”.