Etorkizuneko Gexani

Etorkizuneko Gexani https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/etorkizuneko-gexani/@@download/image/editoriala_232.jpg
2021/10/07

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Etorkizuneko Gexani


Xabier Lete ‘Seaska Kanta’

Kaixo, Gexan. Hau irakurtzen ari bazara, eman dizudan mapa deszifratu, eta osaba Ivan eta izeba Nagoreren baserriko lorategian lurperatutako kaxa topatu duzulako da. Honekin batera, film, telesail argazki, liburu eta panpina bat ere topatuko dituzu.
2021eko urria da. Aldizkari hau inprimatzetik atera eta segituan kaxa batean gorde dut, 15 urte barru ireki dezazun. Hau idazten ari naizen unean urte bat soilik bete berri duzun arren, 2036. urtean arituko zara hau irakurtzen. GAZTEZULOn 35. urteurrena ospatzen ariko gara eta pentsatu nahi dut ditxosozko pandemia hau ahaztua izango dugula ordurako. Tira, agian pandemia berriren baten erdian egongo gara. Akaso konfinamenduan murgildurik zaudela ariko zara hau irakurtzen. Nork daki! Ez, zer demontre! Azken urteotan ikus-entzunezko ugaritan irudikatzen dituzten distopia ilun horietatik aldentzen saiatuko naiz, ziur bizi dugun unea polita izaten ari dela eta.
Gutuna baino, idatzi dizudan hau, opari txiki bat izatea nahiko nuke, gogoeta bat. 15 urte bete berri dituzu eta gorabeherez josiriko uneak bizitzen ariko zara. Nerabezaroa, zeinen garai polita eta zaila aldi berean. Horregatik, eskutitz honekin batera topatuko dituzun gainerako elementuekin, zeure barnean puzzle emozional bat egitea gustatuko litzaidake. Zeure barrenak apur bat mugitzen badira, pozik geratuko naiz.
Zeure alboan igaro genuen lehen urtea ahaztezina izan zela esan nahi dizut; zoragarria, neketsua, gorabeheratsua, polita, zaila eta batez ere oso bizia. Egun batetik bestera, bat-batean, gure bizitza eta egunerokoa betiko aldatu zenituen. Jaio zinen egunetik aurrera nire gaupasak ez ziren soilik telesailak ikusteagatik izan, eta denbora-librea desagertu egin zen geure bizitzatik. Hau idazten ari naizen garaian, ahoan bi ebakortzak atera zaizkizu, etengabe jarraitzen duzu hazten eta, hain justu gaur, uda zoragarria igaro ostean, haur eskolako lehen eguna duzu. Hara! Badirudi zertan ari naizen susmatu duzula, ordenagailuko teklak zanpatzen ari naizen une honetan, amatxorekin batera gerturatu baitzara nigana, irribarretsu betiko moduan. Harro lehen pausoak ematen ikasi zenuelako orain bi egun eta geldiezin sentitzen zarelako.
Hasieratik, geuretzat garrantzitsuak diren printzipio jakin batzuen gainean saiatu ginen zeure hezkuntza eraikitzen, baina 15 urte geroago ez dakit lortzen ari ote garen; espero dut animaliak errespetatzen eta maitatzen jarraitzea, baita natura ere, noski. Zimendu feministak jada oso errotuak izango dituzula ere pentsatu nahi dut; zeure jaioterria zein den ez duzula sekula ahaztuko, eta euskararekiko sentitzen dugun maitasuna ere alboan izaten jarraitzen duzula. Gizakiok dugun ondasunik preziatuena askatasuna dela erakutsi nahi izan dizugu beti. Inork ez diezazula esan nor zaren edota zer sentitu behar duzun. Bizitzan egoera desberdinak aurkituko dituzu, batzuk errazak, beste batzuk ez hainbeste, baina izan zaitez beti zu. Inork ez diezazula zeure nortasuna zapaldu, izan zaitez aske eta borrokatu zeure ametsen alde.
Zoritxarrez tarte laburra da honakoa eta amaitu egin behar dut. Irakurri gutun hau behar duzun guztietan. Irakurri orain, heldua zarenean, eta baita zoriontsu sentitzen zarenean edo norabidea galdu duzula sentitzen duzunean ere. Kaxako gainerako elementuei buruz argibiderik ez, beraiek hitz egingo baitizute nire ordez. Ikus itzazu, usain itzazu, uki itzazu, entzun itzazu.