Etorkizun bat merezi du errefuxiatuen iraganak

Etorkizun bat merezi du errefuxiatuen iraganak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/etorkizun-bat-merezi-du-errefuxiatuen-iraganak/@@download/image/ilustrazioa_errefuxiatuak.jpg
2019/08/09

Testua: Gotzon Barandiaran Arteaga (idazlea) @gotzonbarandi

Ilustrazioa: Unaitxo @unaitxo85

Etorkizun bat merezi du errefuxiatuen iraganak

Etorkizuna ez datorkie. Zain daude, ez diegu beste aukerarik ematen eta etorkizuna, ez datorkie. Esperantza jada ez da esperoan egotea. Itxaropena bidea atzerantz egitea ere debekatuta duen karramarro alderraia da. Ez dute inora joaterik. Alferrik da. Biharra atzo da egunero. Behin eta berriz. Egunero. Nola bizi etorkizuna ez dela etorriko dakizunean?  
Goizean goiz hasita prestatutako jatekoak afaritarako banatzen lagundu duzu. 1.200 anoa. Emakumeak eta haurrak dira denak. Bi ilaratan kokatzen dira. Batentzat, birentzat, hirurentzat, laurentzat, bostentzat. Menestra, pita ogia, sagarra, koilara, plastiko poltsa urdin batean. Lesbosera iritsi aurretik asko irakurri duzu hiru urte eta erdiren ondoren albiste izateari utzi dion errefuxiatuen egoeraz, argazkiak ikusi dituzu, bideo andana sare sozialetan. Gogorra izango denaren jakitun etorri zara. Aurreikuspen guztiak ustel. Zauden ilaran datozen emakume eta haur guztiei banan banan begietara begiratu eta bihotzak krak egin dizu. Lehen ordu erdia iragan arte ez zara berba bakar bat ahoskatzeko gai. Denak daude bi ilara horietan. Zure semeak, bikotea, ama, amama, lagunak, lagunen alabak. Han daude denak, guzti guztiak ikusi dituzu emakume eta ume horien begietan. Zer irakurriko ote dute zureetan? Imajina dezakezun istoriorik ankerrena da emakume garaiezin horiena, haur pozgura xalo horiena. Eta ohartu orduko berriz ere epaitzen hasi zara. Errukia ote sentitzen duzuna? Ez, hori ez, hori ez, agintzen diozu zeure buruari, errukia klasista da, autozuriketa hutsa, apaizkeria. Amorrua, inpotentzia, orduan? Eta zer egin duzu orain arte? Nora begira bizi izan zara urteotan guztiotan? “Thank you” esaten dizute, “thank you my friend”. Une horretan gizaki izateak lotsa ematen dizu.
Ez dituzu emakume horien begiradak ahantzi gura, ez dituzu haur horien begiradak ahaztu nahi. Badakizu etxeko epelera itzulitakoan joan egingo zaizkizula oroimenetik, ez dituzula akorduan gordeko begi horiek, aurpegi horiek, esku horiek guztiak eta horrek, bertoko egunerokoaren aitzakiapean, urrundu egingo zaituela ilara hartatik. Beharrik Zaporeak bezalako proiektuei. Ez gara joan ginen berberak itzuli.
Hitzok irakurtzen ari zaren bitartean han dira denak, gu izan gintezkeen guztiak daude berriz ere ilaran, gu garen emakume eta haurrak, gerratik ihesi 1937ko udaberrian itsasontzietan Ingalaterra eta Frantziako portuetara erbesteratu ziren 19.144 ume euskaldun haiek. Genozidioa, sarraskia, gizateriaren aurkako krimena. Noiz arte onartuko dugu? Zein berba berri asmatu beharko dugu Europa zuri klasista kontserbadore honetako herritarrok kaleak hartu eta bestelako migrazio politikak ezarri arte bakerik izan ez dezagun?
Herritarrak izan nahi duten emakumeak, ume bizi nahi duten haurrak, pertsona zahartu gura duen jendea.