#Elkarrizketak

#Elkarrizketak https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/elkarrizketak/@@download/image/ilustrazioa_234.jpg
2021/12/13

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

 

Ilustrazioa: @hyung86

 

#Elkarrizketak


Tatxers ‘Urte kontua’

 

Twitch-en munduan barneratu naizenetik, elkarrizketak egiteko bide berriak ireki direla jabetu naiz, ez bakarrik formatua beragatik, baizik eta birtualtasunaren mesedetan, aurrez aurre egiten diren elkarrizketak galtzen ari direla ohartu naizelako. Birtualki egiten diren solasaldi hauetan presentzialki lortzen ez diren erantzun eta erreakzioak sortzen direla jabetzeak, ordea, modernitatea alde batera utzi, urte batzuk atzera egin eta hainbeste maite dudan dokumentalen arloan existitzen den zerbait azaltzeko gogoa piztu dit: Interrotron izeneko makina.
“Interro…zer?” Pausoz pauso. Errol Morris dokumentalen munduan ezinbesteko izena dela esango nuke, bere lanen artean bitxikeria sinestezinak aurki baititzakegu, askotan, fikzioarekin mugan daudenak. Tartean, 1978ko Gates of Heaven esaterako. Baina bada Errol Morrisen inguruan beste bitxikeria bat, niri zirraragarria iruditzen zaidana: dokumentaletan azaltzen diren pertsonaia guztiak aparatu baten bitartez elkarrizketatzen dituela, ez berak aurrez aurre. Interrotron izeneko makina baten bitartez, hain justu ere.
Errol Morrisen ibilbidea behin betiko bultzatu zuen lana The Thin Blue Line dokumentala dela esango nuke. Bertan Randall Dale Adamsen kasua erretratatu zuen, polizia bat hiltzeagatik biziarteko kartzela-zigorrera epaitu zuten pertsona. Geroztik, Morris erreferentzia bihurtu da zinema-dokumentalaren munduan, jorratzen dituen gaiengatik, detektibe lan paregabea egiteaz gain, eta elkarrizketetarako duen abilezia bereziagatik. Hori, hein handi batean, aipatzen ari naizen aparatuaren asmakuntzari esker lortu du. Elkarrizketatuaren eta zuzendariaren aurrean jartzen den gailu modukoa da, bi ispilu dituena; hala, protagonistak kamera eta elkarrizketatzailea, biak, ikusten ditu aldi berean. Arrazoidun erantzunak emateaz gain, eszena, zama emozional handiz betetzea lortzen da horrela, zuzendariarekin birtualki ari baita hizketan, eta ez aurrez aurre. Bien arteko lotura makina horren bitartez sortzen dela alegia, elkar ikusi eta entzuten dutelako, baina ez daudelako fisikoki bata bestearen aurrean. Izena, gainera, bere emazteak asmatu zuen, ingelesez ‘elkarrizketa’ eta ‘beldurra’ hitzak uztartuz. Gezurra badirudi ere, sistema honen bidez une harrigarriak lortzen ditu zuzendariak, ziurrenik aurrez aurre jarrita lortuko lituzkeenak baino askoz ere eraginkorragoak. Izan ere, elkarrizketatua bakarrik sentitzen da, ez du zuzendariaren presentziak kikiltzen, eta erantzun eta, bereziki, erreakzio sinestezinagoak loratzen dira.
Mundu birtualean gertatzen ari den gauza bera akaso?