Munduko doinuen bildumagileak

Munduko doinuen bildumagileak Bazenekiten Europako musika instrumentu bildumarik garrantzitsuena Euskal Herrian aurkitzen dela? Irunen zehazki. Jose Luis Lloidi ‘Kote’ eta Lourdes Yarza bikoteak ia bizitza osoa igaro du 4.000tik gora piezatako bilduma bitxi eta harrigarri hau osatzen, eta pasio handiz jagon dute beren altxorra. ‘Ikusteko musika’ lelopean, erakusketak antolatzen dituzte, bilduma etengabe hazten doan heinean; beren gordelekua bisitatu dugu, geografian eta historian zehar bidaia zoragarri batean murgilduz. https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/06/14
berria

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkiak: Nagore Koch Elizegi

Bazenekiten Europako musika instrumentu bildumarik garrantzitsuena Euskal Herrian aurkitzen dela? Irunen zehazki. Jose Luis Lloidi ‘Kote’ eta Lourdes Yarza bikoteak ia bizitza osoa igaro du 4.000tik gora piezatako bilduma bitxi eta harrigarri hau osatzen, eta pasio handiz jagon dute beren altxorra. ‘Ikusteko musika’ lelopean, erakusketak antolatzen dituzte, bilduma etengabe hazten doan heinean; beren gordelekua bisitatu dugu, geografian eta historian zehar bidaia zoragarri batean murgilduz.

 

[ERREPORTAJEA LABURBILDUTA. OSORIK IRAKURTZEKO, KIOSKOAN edo ONLINE]

 

Indiana Jones arkeologoak Irun (Gipuzkoa) bisitatuko balu, zur eta lur geldituko litzateke bertan ezkutatzen den altxor erraldoiarekin. Ali Baba eta berrogei lapurren kobazuloan ere ez ziren horrenbeste harribitxi pilatu. Hiriaren periferian, ongi ezkutatutako gordailu zabal batean, bost kontinenteetatik etorritako ehunka etnia, garai eta motatako 4.000tik gora musika-tresna sortak gordeta dirau, Europako, eta beharbada munduko bildumarik garrantzitsuena osatuz. Gizateriaren historia kontatu dezakete bertako apal eta kaxetan pilatutako gitarra, danbor, xilofono eta txirulek; guztira 176 herrialdetako instrumentu bizi dira bertan, elkarrekin, beren jabeek maitasun handiz jaso, katalogatu eta zainduta. 

Jose Luis Lloidi, Kote eta Lourdes Yarza bikote irundarrak ia bizi osoa eman dute munduko txoko harrigarrienetako instrumentuak biltzen. Euren lanbide, seme-alaba eta bestelako zaletasunekin partekatu dute pasio hau, eta ez dute aspertzeko astirik izan. Bidaia zirraragarria izan da, orduak eta orduak betetzeko moduko anekdota eta bizipenak ekarri dizkiela. Bizi osoko lanagatik omendu berri dituzte EHU-DONOSTIAKO ORFEOIA sariarekin.

Kontinente guztietako instrumentuak bildu dituzte, eta guztietara bidaiatu gabe ere, munduko etnia ezberdinetako datu bitxiak pilatu dituzte. Lloidiren ustez, musika tresnarik landu eta politenak Afrikakoak dira, Asiakoak adimentsuenak, Ozeaniakoak eta Amerikakoak sinpleenak, eta Europakoak perfektuenak. Altxorretako asko erakusketetara eraman dituzte; guztira 121 antolatu dituzte, gehienak Sorian (Espainia). Inoiz izan dute susto txikiren bat, bidaiatutako piezaren bat ez delako bueltan etorri, baina zorionez, gutxitan lapurtu diete: “Okerrena ez da dirua, galdutako piezak zuen kutsu sentimentala baizik. Hori ezin da ordezkatu”.

Bikoteak argi du beren bildumarentzat leku aproposena museo bat dela, baina orain arte ez dute akordiorik lortu: “Zoritxarrez, ez dugu aurkitu bilduma hau ganoraz zaindu eta erakutsi dezakeen museo edota erakunde bat; Salamancan museo bat eskaini ziguten, baina pena ematen zigun Euskal Herritik kanpo eramatea; egun, batzuetan damu gara eskaintza onartu ez izanaz”. Altxor musikalarentzat behin betiko leku perfektua bilatu bitartean, seme-alaben laguntzaz Ikusteko Musika web orria eta sare sozialak jarri dituzte martxan, pilatutako informazio guztia denon eskura egon dadin. Ez dute bildumagile izateari uzteko asmorik: “Oraindik badira lortu gabeko hainbat pieza... izugarri gozatzen dugu guzti honekin, eta orain erretiroa gertu dugula, denbora asko izango dugu gure pasioa elikatzen jarraitzeko.”