Irudiaren poeta

Irudiaren poeta https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
Raul Perez
Atletismoa, eskalada eta espeleologian jardun zen gaztetan Sigfrido Koch Arruti (1936-1992), baina azkenean, aitak eta aitonak urratutako bidea hartu zuen, argazkilaritzaren bidea, alegia. Bere aitona, Willy Koch Schöneweiss izan zen Ohligs (Alemania) jaioterria utzi eta Donostiara etortzen lehena; 1906an aurreneko estudioa zabaldu zuen hirian. Sigfrido Kock Arruti, ordea, Donostian jaio zen. Aita izan zuen maisu, eta argazkilaritzaren hainbat esparru landu zituen. Erretratua, esate baterako. Euskal kulturaren pertsonaia ezagunenetako batzuk, hala nola, Oteiza, Chillida, Aita Barandiaran edo Basterretxea erretratatu zituen. Belaunaldikide zituen horiek guztiak. Pintura espresionistaren eragina jaso zuen, bestalde, eta abstraktua ere begiz joa zuen. Ereindakoak fruitua eman zuen. Aitortza bai, eta sariak ere bai. Esate baterako, Montevideoko (Uruguai) Publizitate Argazkilaritza saria. Soka ez da eten. Izan ere, haren senitarteko askok bide beretik, argazkilaritzaren bidetik, jarraitu dute.Irudiak eta beste hainbat ikusgai izango dira Donostiako Kutxa Boulevard aretoan, hilaren 10etik aurrera. Sigfrido Koch argazkilari handia izandakoari eginiko omenaldia da. Merezitakoa.