AMP - HIFI - ADORE (II. ATALA)

AMP - HIFI - ADORE (II. ATALA) https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/11
HIRU ATALETAN ZEHAR ESKULANGINTZA ETA ROCK MUSIKAREN ARTEAN DAGOEN HARREMANA EZAGUTZEN GABILTZA. HAU DUGU BIGARRENA, ETA AURREKO ZENBAKIAN HASITAKO BIDEARI EKINGO DIOGU ORAINGOAN.

ZUGARRAMURDIN XABIER LUBERRIAGA GITARRA ETA BAXUAK SORTZEN TOPATU GENUEN, ETA ORAINGOAN GASTEIZEN RAUL RAMA AURKITU DUGU ANPLI ETA PEDAL ELEKTRONIKOAK EGITEN.

BERAREKIN SOLASTU GARA MUSIKAZ, PASIOAZ, MERKATUAZ ETA BESTE HAINBESTE KONTUZ.

DATORREN ZENBAKIAN BATERIA AKUSTIKOA ETA HAREN EGITURAREN SEKRETUEKIN AMAITUKO DUGU SAILA.


Zer etorri zen lehenengo, musika zaletasuna ala soinua ateratzen duten gailu horien barruan zer dagoen jakin nahia?
Musika zaletasuna iritsi zitzaidan lehenengo. Nire bi anaiek, ni baino zortzi eta hamar urte zaharragoak, gitarra jotzen zuten eta noski, ni ez nintzen atzean geratu… Gerora, beharrak eraman ninduen gitarren funtzionamenduaz interesatzera; doitzen ikasi nuen, baita elektronika ere… Gitarren fabrikazioaren, konponketaren eta anplien eletrektronikaren inguruko hainbat liburu erosi nituen; Lanbide Heziketan elektrizitate eta mikroinformatika ikasi nuen, baina praktika ezinbestekoa da… Saiatu, akatsak egin eta hauetatik ikasi eta berriz saiatu, sekula bukatzen ez den prozesua da.

Zer egin behar da Euskal Herrian halako ogibidea izateko, asko ikasi, jendea ezagutu ala pasio handiko eta burugogorra izan?
Niretzat tematsu eta apasionatua izatea funtsezkoa da. Ikastea ondo dago, baina beste edozein lanbidetan gertatzen den bezala, praktikatuz askoz gehiago ikasten da. Jendea ezagutzea ere komenigarria izan daiteke, baina ez da nire kasua izan.

Zaintzuri lata batekin distortsio pedal bat egitea birziklapen eta hondakinen kudeaketa adibide bikaina izateaz gain, argi erakusten du zerbait gogo handiz egin nahi izanez gero, diruak ez duela hainbesteko garrantzirik. Hala da?
Jakina, guk geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari. Zerbait egiten badugu ohiko modu batean eta emaitza ona dela ikusten badugu, konturatzen gara muga horiek ez zutela hainbesteko altuerarik. Zailena urratsa egitea eta saiatzea da.

Gaur egun ezinezkoa dirudi instrumentu denda batek Alemaniako online saltoki handiekin lehiatzeak eta suposatzen dut artisau batentzat are zailago izango dela… Zer topatuko dute Gasteizen duzuen Dorian Guitars dendatik pasatzen diren bezeroek? Zein da zuen balio erantsia?
Dendara gerturatzen direnek ikusi eta probatzeko hainbat gauza topatuko dituzte. Material berria zein bigarren eskukoa izaten dugu, baita bildumarako edota dendan bertan fabrikatutakoak ere. Gainera, Patxi eta biok edozein galderari erantutzeko prest izaten gara beti.
Patxi arduratzen da bezeroei tratu pertsonalizatua emateaz instrumentu bat erostera datozenean, bera da dendako jabea. Gitarren luthierra da eta saltzen duen oro ondo baino hobeto ezagutzen du. Bezeroek erosiko duten produktuaren inguruko edozein duda argitzeko aukera izaten dute, euren beharrei egokitzen dena lortu ahal izateko.
Gainera, jendeak ez daki baina, Alemaniako online denda horietako prezioak Euskal Herrian daudenen berdinak dira.

Uste duzu epe labur edo ertainean bertako musikariak eskuz egindako instrumentuak jotzen ikustea posible izango dela ala ametsa baino ez da?

Nik uste posible dela. Baliteke musikari batek pentsatzea eskuz egindako instrumentu edo anpli bat garestia dela, baina denbora pila iraungo duen eta kalitatezko materialez egindako pieza berezia dela konturatzean, eta gainera aholkularitza pertsonalizatua izango duela pentsatzean, ez zaio hain garestia irudituko.

Mundu digitalaren eta aurredefinitutako soinuen ‘inbasioak’ zailtzen edo baldintzatzen du zure lana? Ala erabat kontrakoa?
Gauza bakoitzak bere lekua du. Aparailu digitalak merkeagoak dira eta ehunka aukera eta soinu ezberdin eskaintzen dituzte. Jende askok halako anpli edo pedalak erosten ditu jotzen hasten denean, baina urteak pasata, gehienek analogikora aldatzea erabakitzen dute besteak beste, balbula kanal bakarreko anpliak gauza gehiago adierazteko aukera ematen duela konturatzen direlako, milaka memoria bankodun aparatu digital batek baino. Digitalak bere lekua du, baina ez dut uste analogikoa sekula desagertuko denik.