Mixhalo: Zuzeneko musikaren soinua demokratizatzen

Mixhalo: Zuzeneko musikaren soinua demokratizatzen Gure telefonoak erabiliz zuzeneko musikaren esperientziaren kalitatea hobetu al liteke? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zuzeneko-musikaren-soinua-demokratizatzen/@@download/image/mixhalo-app-1more-headphones-700px.jpg
2019/12/17

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gure telefonoak erabiliz zuzeneko musikaren esperientziaren kalitatea hobetu al liteke?
Mixhalo: Zuzeneko musikaren soinua demokratizatzen

Geroz eta begi bistakoa da, gustatu ala ez, zuzeneko musika inoiz baino lotuagoa dagoela mugikorretara. Estimulazio gehiegizkoaren garai honetan pentsaezina da mundu birtualak eragin gabeko bizitza bat. Teknologiagandik ihes egitea ezinezkoa denez beraz, onena gure mesedetan erabiltzea dela diote ahotsak nagusitzen ari dira.

Eskuak goian mugikorren argiek inguratzen gaituela kontzertu bat ikustea ez da atsegina, espezie bezala ordea, kalitatezko oroitzapenak baloratzen ditugu. Beharbada horregatik guztia jaso nahi izatearen behar hori. Ideia hau eta zuzeneko soinua demokratizatzearen ideia uztartuz sortu da Mixhalo. Enpresa honen helburua zuzeneko musikaren esperientzia ahalik eta kalitate onenekoa izatea da norbere mugikorra erabiliz.

Ez da kontzertua mugikorreko pantailatik ikustea, guztiz kontrakoa bilatzen dute. Mixhalo-ren bidez instrumentu guztiak entzun ahalko dira aretoko edozein tokitan zaudela ere, kalitatea une oro bermatuz.

Ziurrenik honezkero ohartu zara: agertokitik zenbat era urrunago, zenbait soinu zailagoak dira entzuten, edota hurbilegi bazaude soinua kaskarragoa izan ohi da. Soinua “berdintzeko” Mixhalo-k soinua demokratizatzea proposatzen du, hau da, guztiok berdina entzutea.

Nola funtzionatzen du Mixhalo-k?
Incubus taldeko Mike Einziger gitarra joleak kaleratu du proiektua eta taldeak New Yorken eman zuen kontzertu batean probatu zuen. Incubus taldearen zaleek aplikazioa deskargatu behar izan zuten eta audiofonoak erabiliz konektatu behar izan zuten kontzertura. Taldeak kontzertua hasi zuenean entzuleek soinu eta nahasketa guztiak entzun ahal izan zituzten kalitate bikainez, horrela, entzuleek irudipena izan zuten euren belarriak zuzenean anplifikadoreetara entxufatuak izan zirela.

Gainera, kontzertura doan pertsona bakoitzak bere mugikorretik kontrolatu dezake musika, aukeratuz ze instrumentu entzun eta zein ez, ahotsa kendu, gitarrak igo, bateri bakarrik utzi eta nahi adina nahasketa egin. Horretaz gain, kontzertuetan galdu ohi diren soinu txikiak era erreskatatu daitezke. Soken mugimendu sotil bat hauteman ez gero, soinu horretan galdu gaitezke. Kontzertuaren esperientziak bertan dirau, besterik gabe zuzeneko musika transformatu egiten da norberak kontrolatuz zer entzun eta zer ez. Horrela, ez du axolako non kokatzen zaren, lehen ilarakoak edo azkenekoek bezalaxe entzungo duzu, ez baitu axolako lekuaren akustikak.

Halere, argi dago kontzertu batean edukitzen diren sentsazioak faktore ezberdinek elikatzen dituztela, hala nola publikoak, lekuak, zure talde gustukoenaren hurbiltasuna... baina zuzeneko musikarekin gozatzen duzunetako bazara eta erritmo eta melodia ezberdinak entzunez galtzen bazara Mixhalo interesatu dakizuke.

Oraingoz, Incubus taldeaz gain, beste talde masibo batek soilik probatu du arrakasta handiz: Aerosmith taldeak. Helburua zuzeneko musikaz gozatzeko formatu berri hau zabaltzea da, azken finean, kontzertuetan mugikorrak ez ikustea ezinezkoa denez, izan dadila gailu hau bederen kontzertu esperientzia hobetzeko baliagarri.