Zuzeneko musika mendian

Aurtengo udan naturaz eta aire libreaz gozatzea izango dugu planik onena; horregatik, zergatik ez bihurtu natura bera eszenatoki? Urmuga proiektuak Euskal Herria “josi” nahi du mendi ibilaldi bat eta musika uztartuz. Uztailaren 14tik abuztuaren 1era arte, Angulo mendatetik abiatu eta Hiru Erregeen Mahairainoko bidea egingo dute mendizaleek, Urduñatik (Bizkaia) Izabaraino (Nafarroa), Oñati, Leitza eta Orreaga bezalako udalerrietatik pasa ondoren. Tartean gainera, besteak beste, Donostiako Orfeoiak, Mikel Urdangarinek, Eñaut Elorrietak, Maddi Oihenartek, Hertzainak taldeko Josuk eta Garik, edota Niko Etxartek kontzertuak eskainiko dituzte, Et Incarnatus hari orkestrako musikariekin batera.
Edozein mendizalek izango du aukera ibilbidea osotasunean burutzeko, edota norberak bere nahieran, astebeteko zatiren bat egiteko. Etapa bakoitza tokian tokiko mendi elkarteekin antolatuko da, eta mendi-gidari batek zainduko du mendizaleen ibilia. Hori bai, 10 euroko borondatea ematea eskatuko dute, kontzertuen antolakuntzan laguntzeko.
Informazio guztia: URMUGA.