Zurruta eta larrua, bikote eskasa

Zurruta eta larrua, bikote eskasa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zurruta-eta-larrua-bikote-eskasa/@@download/image/92p40sex_1363200932.jpg
2009/01/02
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta Sexologoa.
Alkohola eta sexua. sarri, batera doazen bi elementu dira, baina elkarrekiko osagarri ez direnak; Alkoholari neurria hartzen ez bazaio, behintzat. Artikulu honetan, gehiegizko alkohol kontsumoak sexuan izan ditzakeen eragin negatiboak aztertuko ditugu.

Alkohola harremanei ongietorria emateko lagungarria izaten da askotan. Besteak beste, horregatik edaten du jende askok. Norberak, droga honen (eta besteen) erabilera pertsonala egiten du, eta kontsumoaren ondorio positibo eta negatiboak bere gain hartzen ditu.

Baina alkoholak ondorio txarrak ere baditu, joera erotikoak oztopatzen dituzten ondorioak. Adibidez, alkohola edateagatik liskarrak sor daitezke maitale, bikote edo senar-emazteen artean.

Askori gertatu izan zaio, gehiegi edateagatik, antisorgailua ez erabiltzea. Eta, ezustean, norbera edo bikotea haurdun geratzea. Horrek ere, kondoia ez erabiltzeak, alegia, sexu-infekzioei bide eman diezaieke.

Zurrunen eraginez ohekidea aztora dezakegula ere, ezaguna da oso. Eta gogoratu behar dugu, alkoholak zurrunen sakontasuna areagotzeko neurrigabeko gaitasuna duela!

Bestetik, naiz eta kitzikatua egon, gizonak zakila zutiarazteko zailtasunak izan ditzake, eta, hori dela eta, topaketa erotikoa pobretu egin daiteke. Eta, agian, norbait lotsarazi ere bai.

Badira, gehiegi edateagatik, ahoskatzerakoan felipeak botatzen dituztenak ere. Horrek, ondokoak uxatzen ditu sarri.

Jarduera erotikoetan baldartuta, anti-heroien piura hartzen dutenak ere badira. Edo deprimituta, gustuko neska/mutilari sekulako txapa bota diotenak… Ordutik, haien berri izan al duzu?  

Biharamunean, neska batek baino gehiagok adierazi izan du ez duela ezer oroitzen… bularretakoa galduta esnatu eta gero.

Honetaz guztiaz gain, alkoholak orgasmoak oztopa ditzake, eta sarketan mina eragin. Eta asko dira, zakila zutitu eta, bat batean, orgasmoa sentitu aurretik, edo sentitu gabe, ezustean eiakulatu duen mutilak.

Alkoholaren kontsumoa dela eta, aukera okerrak egitea ez da batere arraroa: damua sentitzea mutil edo neska batekin larrutan egiteagatik, bezperakoak ez zuela merezi pentsatuz. Eta kalitate baxuko topaketak ere sarriago gerta daitezke; korrika eta presaka egiteak ez baitu jende asko behar bezainbeste asetzen.

Alkoholarekin esperientzia txarrak izan badituzu, ohiturak aldatu eta eragiten dizun efektu goxoa beste era batera lortzen saia zaitezke.  Ez da gauza bera izango, baina agian konpentsa dezake...

Esate baterako, jende berria ezagutu nahi baduzu (eta hurrengo egunetan haiek zu kalean agurtzea), talde kirolen bat praktika dezakezu, besteak beste.

Aldiz, ligatu nahi baduzu eta primerako maitalea izan, elkarte batean bolondres has zaitezke. Askotarikoak daude: euskal itzulpengintza alorrekoak, Kantauriko zetazeoen aldekoak, sexu eskubideen aldekoak, etorkinen integrazioren aldekoak... kar, kar.

Alkoholarekin zer lortu nahi duzun pentsa dezakezu, eta hori lortzeko beste modu eraginkorragoak bilatzen saiatu.

Sexesaldia


William Shakespearek esana: “alkoholak desira eragiten du, baina gauzatzen zapuzten”.

X IZPIEKIN


· Sadeko markesaren ama moja izan zela adierazten dute hainbat dokumentuk.
· Playboy aldizkariaren lehen zenbakia 1953an kaleratu zen. 60ko hamarkadara arte, ez zuten emakumezkoren pubis bat bera ere erakutsi.

PUNTUAK IRABAZTEKO... probatu al duzu?



· Topaketa erotikoaren bukaeran, laguna besarka ezazu, eta berezia dela sentiarazi.
· Lehen pausoa eman eta "jango zaitut" adierazi.
· Felazioa egiterakoan eskuez lagundu, erritmoa jarraituz.