Zurrumurruen Aurkako Sareak mikroantzerki lehiaketa antolatu du

Zurrumurruen Aurkako Sareak mikroantzerki lehiaketa antolatu du Gehienez ere hamabost minutuko iraupena duten antzezlan laburreko testuak aurkeztu behar dira azaroaren 30era arteko epean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zurrumurruen-aurkako-sareak-mikroantzerki-lehiaketa-antolatu-du/@@download/image/zurrumurru albiste.png
2022/11/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegtx

Gehienez ere hamabost minutuko iraupena duten antzezlan laburreko testuak aurkeztu behar dira azaroaren 30era arteko epean.
Zurrumurruen Aurkako Sareak mikroantzerki lehiaketa antolatu du

ZAS!, Zurrumurruen Aurkako Sarea!, irabazi asmorik gabeko elkartea da, immigrazioaren aurkako aurreiritziei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre egiten diena. Lehen Mikroantzerki lehiaketaren deialdia egin du elkarteak, sentsibilizatzeko, ezagutzera emateko eta materialak prestatzeko kanpainaren barruan.

Lehiaketaren ardatza xenofobiaren eta diskriminazioaren prebentzioa, bizikidetza hobetzea eta kultura-aniztasunaren potentziala aprobetxatzea izango da, herritar guztien eta talde hartzaile espezifikoen artean pertzepzioak, jarrerak eta portaerak aldarazteko. Era berean, kulturartekotasunaren berezko balioak eta printzipioak sustatu eta zabaldu nahi ditu, baita arrazismoaren aurkakoak ere, eta sentsibilizatu egin nahi du aniztasunari (etnikoa, kulturala edota erlijiosoa), immigrazioari eta babesari buruzko estereotipoen, aurreiritzien eta zurrumurru faltsuen eragin negatiboen aurrean.

Adin nagusiko edonork har dezake parte eta antzezlan labur baterako testu bakarra aurkez dezake. Antzezle kopuru txiki batek eta espazio mugatuan antzezteko modukoa izan behar du, muntatzeko erraza eta aurrekontu txikikoa, eta gehienez ere hamabost minutuko iraupenekoa. 

Lanek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke, azaroaren 30era bitarte. Lanak ZAS! erakundearen webgunearen bidez aurkeztu beharko dira, honako dokumentuak atxikita: izena emateko inprimakia, testua PDF formatuan eta lana aurkeztu duenaren edo dutenen curriculuma PDF formatuan.

Lanak baloratzeko orduan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: originaltasuna eta inspirazio eszenikoa; egilearen kalitatea; eta diskriminazioari eta xenofobiari aurre egiteko, bizikidetza hobetzeko eta kultura-aniztasunaren potentziala aprobetxatzeko duen sentsibilizazio sozialerako gaitasuna.

Bi sari izango dira bi hizkuntzetako bakoitzerako: 1.000 eurokoa izango da lehen saria eta 600 eurokoa bigarrena.  Lehiaketaren erabakia saritutako egileei jakinaraziko zaie eta ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarearen webgunean argitaratuko da abenduaren 12a baino lehen.