Zumalakarregiren zonbiak eta Agirreren banpiroak

Zumalakarregiren zonbiak eta Agirreren banpiroak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zumalakarregiren-zonbiak-eta-agirreren-banpiroak/@@download/image/joxeans_hil_ebe_1393943436.jpg
2014/03/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa, Argazkiak: Katihotsak
Zumalakarregiren zonbiak eta Agirreren banpiroak
Katihotsak Logia Kultur Elkarteak ‘Ataun of the Dead’ filmarekin hasitako trilogiaren bigarren atala plazaratu du: ‘Joxean’s Hil eben’. Filmean, Zumalakarregik eta zonbiek Agirre lehendakaria eta banpiroak izango dituzte aurkari.


Night of the Living Dead (1968) filmari omen eginez, eta George A. Romerok zonbiak eta kritika soziala uztartzeko zuen ohitura berreskuratuz, Ataun of the Dead filma errodatu zuten Beñat Iturrioz eta Xabier Padinek 2011ko urtarrila eta ekaina bitartean, aktore zein teknikari lanetan aritu ziren hogei bat lagunekin batera. Lehen lehendakari ez-nazionalistari aurre egiteko osaba Zumalakarregi berpizten zuten zientzialari karlisten istorio hura trilogia baten lehen atala izan zen.

Eta hemen da bigarrena. 2012ko ekainean ekin zioten errodatzeari, eta hasiera batean irailerako amaitzeko asmoa bazuten ere, azkenean urtebete atzeratu da guztira 160 bat lagunen parte hartzea behar izan duen filmazio lana. Ekoizpen ondorengo lanak bukatuta, urtarrilean estreinatu zuten Joxean’s Hil Eben. Jon Tomas eta Josu-Jon Tomas zientzialariek Zumalakarregi berpiztu ostean, XIX. mendean hildako soldatu karlistak berpizteari ekingo diote. Zonbi plaga horrek Partidu Nazionalista Banpiroko kideen nagusigo politikoa kolokan jarriko du, eta kinka horretatik ateratzeko, banpiroek Agirre lehendakaria esnatzea erabakiko dute. Hala, Zumalakarregi eta zonbi-karlisten eta Agirre eta bere hamaika banpiroen aurrez aurrekoa erakutsiko du filmak.

Lanak Euskal Herriko historiaz egiten duen irakurketaz galdetuta, Iturriozek dio deigarria dela zonbien filmeak, eta oro har zinema, nola despolitizatu diren: "Zinemak imaginario kolektiboak eraikitzen ditu, eta boterearen aparatu koerzitiboaren arma garrantzitsuenetako bat da, komunikabideekin eta telebistarekin batera. Adibidez, Ice Age (2002) ikusten dugunean, mezu ultrakontserbadore, matxista, faxista eta erlijiosoa jasotzen dugu. Hori da ‘normaltzat’ duguna, baina ez dago hori baino mezu politikoagorik". Hala, euren filmak, publikoa entretenitzeaz gain, beste helburu batzuk ere badituela dio: "Zinema politika da, eta guk hori egin dugu, baina mozorrorik gabe. Euskal Herriko panorama politikoaren satira bat egin nahi izan dugu. Kritika dekonstruktibo bat".

Dagoeneko hainbat kultur etxe eta gaztetxetan proiektatu dute filma, eta horietako arduradunez gain, hainbat institututako Historia irakasleak ere jarri dira egileekin harremanetan, euren klaseetan filma proiektatzeko aukeraz galdetzeko. "Badakit Obelix eta konpania komikia erabili izan dutela hainbat irakaslek institutuan ekonomia gaia modu ulerterrazago eta erakargarriago baten lantzeko. Film honek XIX. mendeko pertsonaiak eta pasarteak azaltzen lagundu badezake edo horiek azaltzeko aitzakia izan baldin badaiteke, guretzat oso pozgarria litzateke", dio Iturriozek.

Antso Nagusia
Trilogiari amaiera emango dion istorioa ere dagoeneko pentsatu dute: "Hirugarrenean Zumalakarregi Iruñeara abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Baina Ezker Abertzaleak ez du karlista bat euskaldunen erregetzat onartuko, eta nafar estatuko errege legitimoa berpiztuko dute, Antso Nagusia. Bestalde, navarristek ere ez dute Zumalakarregi Iruñean nahiko eta gerra deklaratuko diote".

Azken atalaren errodajea hasi aurretik baina, bigarren hau hainbat aretotan ikusteko aukera izango da ondorengo hilabeteetan. Eta dena ondo badoa, udazken edo negu aldera filmea eta soinu bandaz gain beste hainbat sorpresa izango dituen DVDa aterako dute.

Hurrengo proiekzioak


- Martxoak 7: Mallabiko kultur etxean, 20:00etan.
- Martxoak 13: Iruñeako Katakrak liburu dendan, 19:30ean.
- Martxoak 14: Irungo Lakaxita gaztetxean, 19:00etan.
- Martxoak 21: Donostiako Guardetxean, 20:00etan.
- Martxoak 27: Baionako Euskal Erakustokian, 20:30ean.
- Apirilak 4: Andoaingo Irunberri kultur elkartean, 23:00etan.
- Apirilak 10: Bilboko Euskararen Etxean, ordua zehazteko.