Zuloetan dantzari

Zuloetan dantzari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zuloetan-dantzari/@@download/image/74-p18Zulofesta1.jpg
2007/05/04
erreportajea
Galder Izagirre
GAZTEZULO berria hasi da ibiltzen. Ibiltzen baino gehiago, dantzatzen, Zuloetan dantzatzen. Eta horren seinale, Donostiako tabakaleran egindako aurkezpena eta Bilboko Kafe antzokian egindako festa. 

Bi ekitaldiren bidez aurkeztu zuen GAZTEZULOk bere itxura berria. Batetik, Donostiako Tabakalera eraikinean, aurkezpen ofiziala izan zen. Ofiziala, baina ez aspergarria. Aritz Sound Systemen musikak, Rayco rapeatzaileak, eta Stamer eta Mekhoy breakdancerrek ederki girotu baitzuten Tabakalerako aretoa.

Aldizkari berria eskutan, han ibili ziren hainbat gazte. Musika munduko jendeak ere ez zuen huts egin: Koldo Soret Surfin Kaosekoa, Adrian Elustondo Kautakoa, Eneko Abrego Bap!-eko kide ohia eta Inoren Ero Ni-ko partaidea, Asier Zulueta managerra, Rafa Cabeza Utikan!-eko kide ohia…...

Bestetik, kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. Aretoa lepo bete zen emanaldia ikusteko: lehenik, Kerobia taldea; ondoren, 121  Crew eta Fuerte Apache rapeatzaileak, eta Selektah Sound System. Musikariekin batera, hiru break dantzarik ikusleak txunditu zituzten. Musika, dantza eta giro mundiala. Ederra. Eta Kafe Antzokian ere jendea, GAZTEZULO besapean hartuta.

GAZTEZULO dantzan hasi da. Eta lehen pausoak gustuko izan omen dituzue. Ez ahaztu, hala ere, dantza egiteko ezinbestekoa dela musika eta hemen, zuek zaretela musikariak….