'Zuia Euskaraz' eguna ospatuko dute bihar

Hilabete osoan guraso eta umeei zuzendutako askotariko jarduera eta ekitaldiak antolatu dituzte Arabako Zuia udalerrian, Hitzezko unibertso oso bat euskaraz lelopean, eta bihar, hilak 26, emango diote amaiera ekitaldi borobil baten bidez. Zuia Euskaraz eguna ospatuko dute eta, iaz bezala, ibiltaria izango da, bailarako zenbait herritan geldialdiak eginez.
Norberak nahi duen bezala egin dezake ibilbidea: bizikletaz, autoz... Ibilbidea 10:00etan hasiko da Murgiako plazatik, eta Zarate eta Jugotik igarota, Domaikiara abiatuko dira; bertan hamaiketakoa egin eta azken txanpari ekingo diote; Aperregitik pasa, eta Bitorianon bukatuko dute ibilbidea, bazkalorduan. Eguraldi onak laguntzen badu, Oroko Santutegira igoko dira, eguna behar bezala bukatzeko.
Ibilbidea ez da mugimendu kontua bakarrik izango, ordea; Zuia Euskaraz Tribiala prestatu dute geldialdietan jokatzeko, herriz herri probak egin eta ondo pasatzeko. Parte hartu nahi dutenek izena emateko formularioa bete beharko dute. Egunean bertan antolatuko dituzte probak egiteko taldeak. Irabazleak, garaipenaren ohoreaz gain, Zuiako produktuz osatutako otzara eder bat jasoko du.