Zpeiz Mukaki: “"Kalean artistaren eta publikoaren arteko mugak hausten dira”"

Zpeiz Mukaki: “"Kalean artistaren eta publikoaren arteko mugak hausten dira”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zpeiz-mukaki-quotkalean-artistaren-eta-publikoaren-arteko-mugak-hausten-diraquot/@@download/image/2010242320zpeiz_mukaki_11.jpg
2010/02/05
elkarrizketa
Zpeiz Mukaki: “"Kalean artistaren eta publikoaren arteko mugak hausten dira”"
Herriz herri eta festarik festa aritzen dira, txosna artean, dantzaz giroa berotzen. Txapela, abarkak eta eskoziar kilt-a soinean, euskal folklorea irauli dute dantza tradizionala rockarekin uztartuta. Ezinezkoa zirudiena egin dute, orain posiblea baita fandangoa Kortatu, La Polla, Lintontaun edota Exkixu taldeen doinuekin dantzatzea. 

Sarako Herriko Tabernan dugu hitzordua mutilekin, eta hantxe topatu ditugu Iban, Beñat, Patrick, Andoni, Mizel eta Patxi, taldea osatzen duten 15 gazte lapurtarren (tartean baxenafar bat ere bai) ordezkari gisa. Iban Ithurbide baionarrak erantzungo die gure galderei baina izu aurpegia jarri du gona eta abarkak janzteko eskatu diogunean. "Hotz honekin?!", bai ba. Berehala sartu dira paperean, mutil hauek xelebre hutsak dira eta.

Zpeiz Mukaki. Zer da hori?

Hastapen batean Zpeiz dantza-taldea sortu genuen, banakoa birmoldatu eta dantza garaikidea egiteko; zpeiz horrek bitxi esan nahi du, arraro. Mukaki mutil aspergarriaren edo mutil kakangarriaren diminutibo bat da, Ezpeletan osaturiko txarangaren izena. Kale animazioa egiteko eta herriko jaietan parte hartzeko lotu ginen biak, eta hemen, Saran bertan, saio bat egin genuen Gazte Egun batentzat. Hortik landa, Herri Urratsen segitu genuen, han ere ikusi zen gazte umoretsuak ginela, gogoz ginela, eta proposamen berritzailea genuela. Gero eta saio gehiago… aurrera jarraitu genuen eta, dagoeneko, badira hiruzpalau urte jo eta su ari garela.

Baina, herri ezberdinetakoak izanik, nola ezagutu zenuten elkar?

Inguru honetako dantza taldeetan, beste askotan bezala, mutilak falta dira eta beti ibiltzen ginen alde batetik bestera. Iparraldea, gainera, txikia da eta, azkenean, dantzan ez bada, kulturan edo politikagintzan ere betikoak elkartzen gara. Zirkuluak oso txikiak dira hemen.

"Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza" irakurri dut hor nonbait.

Bai, hori da gure filosofia. Askotan esaten digute kultura eta politika nahastu egiten ditugula, baina gu ohituak gara etxean euskal kultura politizatua ikustera, eta ez gara besteak baino iraultzaileagoak, baina iraultza hori umorez eraman nahi dugu, festa giroan. Euskal Herriaren egoera ez da inoiz erraza, dena da tristezia, eta euskaldunok bederen dugun indarra festa da. Gainera, kultura egiten ahal dugu, baita ere, gure nortasuna adierazteko, zeren Iparraldean gazte askok ez baitakite zergatik euskaldunak diren.

Zergatik euskal dantza tradizionala irauli?

Beti esaten da euskaldunak hotzak galera, ez garela besteekin lotzen, eta jendea harritu egiten da egiten duguna oso "modernoa" iruditzen zaielako. Euskal dantzariak ez gara egon supazterrean aitatxi eta amatxirekin hizketan. Ez, gu ere eboluzionatzen ahal gara, ez gara joan den mendekoak!

Janzkerak ere laguntzen du horretan, jakina. Zergatik eskoziar kilta?

Haustura da, kaleko jendearekin dantza-urratsen bidez ez ezik estetikaren bidez ere komunikatzen gara. Euskal dantzak beste modu batean, umorez, egiten ahal direla frogatu nahi genuen eta, horretarako, zer ekartzen ahal genuen? Gona. Baina gure jatorria ere nahi dugu atxiki eta horregatik janzten ditugu abarkak eta txapela.

Imajinatzen dut hastapen haietan jendeak zuen proposamena ulertuko ote zuen zalantza izango zenutela…

Bai, baina erantzuteko gai izan ginen. Esplikatu dugu dantzak ere badituela bere denborak, eta orain Euskal Herrian arrakastarik ez badu beti gauza berberak ikusi ditugulako dela. Gurekin ibili nahi zuen jendearekin ibili gara eta oso harrera ona izan dugu. Lekeitioko talde batekin, Bilboko konpartsekin, Esne Beltza taldearekin… harreman sendoak sortu dira eta jendeak ulertu du zer nahi dugun egin.

Kritikaren bat ere jaso duzue folklore tradizionalenaren aldekoengandik.

Bai, esan izan digute ezin diogula tradizioari burla egin. Joan zen udan, adibidez, ukan genuen aukera AEBetara bidaiatzeko eta han ikusi genuen artzain joandako euskaldunek oso irudi iluna eraman zutela hemengoaz. Baina erakutsi genien denbora honetan guztian Euskal Herria ez dela gelditu, badirela gazteak euskaraz mintzatzen direnak eta euskal kulturara lotu direnak. Oso tradizionalistak izan arren, lortu dugu azkenean horien iritzia aldatzea, maitatu zuten egin genuena, eta aurten berriro joatea nahi dute. Ona da erakustea ez garela indianoak! Kar, kar.

AEBetan euskal etxeetan ere aritu zineten, baina kalea da zuen benetako habitata. Zer eskaintzen dizue karrikak?
Hastapen batean ez genuen gure burua antzokietan ikusten. Jendea den lekuetara joan behar genuen, kaleetara, tabernetara, hor bederen ez baitira gure albotik aldentzen ahal! Kalean osmosi antzeko zerbait gertatzen da, eta ez dago artistaren eta publikoaren arteko desberdintasunik. Jendea gonbidatzen dugu fandango bat dantzatzera, bertsolariren bat atzemanez gero bertsoa botatzen diogu berak erantzuteko…. Lortu dugu antzoki batzuetan aritzea, Donostian adibidez, eta harrera ona izan da, baina kalea da guretzako eszena onena.

Eta parranda ederrak botatzeko aitzakia ere bai!
Bai, hori da. Gainera, hasten garenean ez dugu amaitzen ahal. Artista mundua ezagutu dugu, mundu berezi bat zeinetan ez dakigun erritmo honetan luze segitzeko gai izango ote garen. Ez gara profesionalak, astegunetan lan egiten dugu eta asteburutan, pausatu ordez, festa egiten dugu… oso nekagarria da. Gainera, sasoia behar da gau osoa dantzan pasatzeko.

Dena dela, atzean lan serioa egongo dela pentsatzen dut…

Hori da galdera bat ez nukeena nahi erantzun, kar, kar, kar! Hastapenetan bai, entseatzen genuen hemen Saran. Baina, gero, saio gehiago egin ditugu entseguak baino. Horregatik, atera baino bost minutu lehenago musikariekin bizpahiru gauza lotu eta… ateratzen dena ateratzen da. Ez dugu beldurrik, lotsarik ere ez, eta dantza aldetik badugu heldutasuna.

Aizu, eta noizko neskak taldean? Berritze aldera…

Izan dugu gure taldearen aurkako fundazio bat: Mutati. Taldeko batzuen neska lagunak gure kontra aritu dira, pegatinak atera zituzten, gure saio bitan sartu ziren… baina ez dute oihartzun handirik izan. Denak mutilak gara, baina neskak ezartzen ditugu dantzan.

Zein asmo duzue orain, epe motzean?

Orain lasai ibiliko gara, eta udarako asmoa ez dugu garbi. Eskaerak ditugu Marokotik, Argentinatik, AEBetatik… baina taldeko bi aita izan dira eta gutako bakoitzak ere baditu bere proiektuak… ez dugu etorkizuna oso argi.

Eta, bukatzeko, ezinbesteko galdera: zer daramazue gona azpian?

Eskoziarrek ispiluak ezartzen dituzte zapaten gainean, batez ere andre zaharrak inguruan dituztenean. Guk ez dugu horretarako asmorik, bakoitzak nahi duena imajina dezala… baina, gizakiak baldin bagara, pentsatzen dut gizakiek dituzten gauzak edukiko ditugula!