Zoriontasunaren lehen museoa ireki dute

Eta zu, zenbateraino zara zoriontsu? Galdera horrekin egingo duzue topo Zoriontasunaren Museoan. Danimarkan ireki dute, eta zoriontasunaren ikerketa mardula egiteko helburua du. Museoaren arduradunek adierazi dute misterio handia dela zoriontasuna, neurtzeko zaila, baina bizi kalitatea hobetu eta osasun mentala zaintzeko helburu irmoarekin jarri dute martxan proiektua: "Danimarkan, urtean 170 egunez egiten du euria eta hotza. Orduan, zergatik ote gara munduko herrialderik zoriontsuenetakoa?".
Galdera horri erantzuteko, museoaren pareta horietatik bidaiatu beharko dugu. Dena da horia Zoriontasunaren Museoan, horixe baita kolorerik alaiena. Meik Wiking-ek diseinatu du, eta aretoetan erakusketa interaktibo ugari jarri dituzte, zoriontasuna ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeko. Guztira 8 areto ditu, eta bertan, ikus-entzunezkoak, irudi interaktiboak eta 3D modeloak topatu daitezke, baita zoriontasunaren zientzia, historia eta geografia zehazten dituzten panelak ere.
COVID garaian ere, museoa bisitatzeko aukera dago; gehienez 30 lagun sartu daitezke txanda bakoitzeko.