Zoe Saldana: Izarretako gudari

Zoe Saldana: Izarretako gudari https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2011/09/02
erreportajea
Aitor Abaroa
Zoe Saldana: Izarretako gudari
“Dominikarra ala estatubatuarra?”, “Ni emakume beltza naiz”. “Ez, ez, zu trigueñita zara”. “Ni emakume beltza naiz, argi?”. Hollywooden arraza eta jatorri kontuek badute garrantzirik.

Kontu, aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen lehen emakume beltza Halle Berry izan zen Monter's Ball filmarekin, 2001ean! Zoe Saldana New Jerseyn jaio zen eta Queensen hazi. Aita dominikarra eta ama Puerto Ricokoa. Zer da? Nor da? Emakumea, beltza, eta harro dago. Pirates of the Caribbean: The Curse of the Black Pearl (2003) edota The Terminal (2004) bezalako film garrantzitsuetan bigarren mailako paperak eginez, mundu zabaleko ikusleentzako ezagun egin zen. Hala, hamabost filmetik gora egin ostean, 2009 urtea izan zen izarren lehen lerroan jarri zuena. Hasteko, Star Trek frankiziaren biziberritzean telesaileko pertsonaiarik gogoratuenetakoa den Uhura izan zen. Gogoratu 60ko hamarkadan Michelle Nicholsek gorpuztu zuen pertsonaia hark hesi asko eraitsi zituela.

Enterpriseko emakume bakarra zen, eta hori gutxi balitz, espaziontziko telekomunikazio arduraduna, AEBen eta Sobietar Batasunaren artean lasterketa espaziala puri-purian zela, emakume bat astronauta izatea bera ere utopia hutsa zenean. Gainera, Kirk kapitainari eman zion musua arraza ezberdineko pertsonen arteko lehen musua izan zen telebista estatubatuarrean. Eta ostean etorri zen Avatar (2009). Ez duzula filmean Zoe gogoratzen? Jake Sully soldadua maitemindu zuen Ney'Tiri ziur gogoratzen duzula. Pandora planetako gerlari basatia, Na'vi arrazaren sentimenduen adierazpen gorena. Bai, hezurmamizko aktore gehienek baino maitasun, haserre eta tristura gehiago transmititzen zuten begi hori handi haien atzean zegoena da Zoe. Ezberdinekiko begirunea galdu gabe bakoitzak berea azkenera arte defenda dezakeela erakutsi zuen izaki hura.

Emakume gogorrak, borrokalariak antzeztea du gustuko, 1980an Luc Bessonek aurkeztutako Nikita bezalakoak. Ba, hilabete honetan, frantziarraren gidoian oinarrituta, Cataleya Restrepo soldatapeko hiltzailearen azalean ikusteko aukera izango dugu. Zoe Saldana izango da Colombiana.

Nortasun Agiria


Izena: Zoe Yadira Saldana
Jaioteguna: 1978-06-19
Jaiolekua: New Jersey (AEB)
Ezizena: Sultry
Senarra: Keith Britton aktorea
Musikari gogokoena: Otis Redding
Aktore kuttuna: Whoopi Goldberg
Zuzendari maiteena: Mira Nair
Maite du: Sexua
Gorroto ditu: Uda eta eguzkia