ZIRT-ZART: XABI BANDINI

ZIRT-ZART: XABI BANDINI XABI BANDINI (IRUÑEA, 1983) KEROBIAREN BIGARREN LORALDIAN MURGILDUTA DABIL, ETENALDIAREN OSTEAN, 2021EAN ELKARTU, ERALDATU ETA ‘HILAK’ DISKOA ATERA ZUTENETIK. BERE PLANETAN MURGILTZEKO GONBITA EGIN DIGU. https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2023/08/31
elkarrizketa
XABI BANDINI (IRUÑEA, 1983) KEROBIAREN BIGARREN LORALDIAN MURGILDUTA DABIL, ETENALDIAREN OSTEAN, 2021EAN ELKARTU, ERALDATU ETA ‘HILAK’ DISKOA ATERA ZUTENETIK. BERE PLANETAN MURGILTZEKO GONBITA EGIN DIGU.

“Nire gabeziak nire sendotasunen
parte dira”

  • Miresten duzun norbaiti argazkirik edo autograforik eskatu al diozu?
    Arraroa da nire amari autografo bat eskatzea.
  • Zer kultur produktu erosi duzu azkenaldian?
    Kukairen Eta orain zer? ikuskizunerako sarrera bat, Madrilgo Canal Teatrorako.
  • Zer abestik gogorarazten dizu zure haurtzaroa?
    Fraggle Rock.

  • Zer momentutan sentitu izan zara zoriontsuen?
    Arthur C. Clarkeren liburu bat irakurtzen Bergaran, 13 urterekin, eta atzo nire bikotekidearekin afaria egiten.
  • Zein da zure beldurrik handiena?
    Ezinegona normaltzat hartzea.
  • Zure hurrengo diskoak Whatsappeko zure azken mezua izango balu izenburu, zer izen izango luke?
    "¿Federica, en serio?" (Federica, benetan?)
  • Zer soinu edo zarata gorroto duzu?
    240, 600, 1500 hertzitan gailentzen zaion guztia. Motorren zarata eta futbolak sortzen dituen soinu ia guztiak.

  • Zer da egin duzun erokeriarik handiena?
    Urte bakoitzak du berea. Batzuetan maitasun zoramenak bultzatuta, besteetan heriotzaren atarian egotea…
  • Zer hitz edo esaldi erabiltzen duzu behar baino gehiagotan?
    “Apechusque”, “Fantasia”, eta “Ardo bat, mesedez”.
  • Zure ezaugarriren bat aldatu ahalko bazenu, zer aldatuko zenuke?
    Ahal izango banu, aldatua izango nuke jada. Kontua da nire gabeziak nire sendotasunen parte direla. Egia esan, ez dut aldatu nahi.
  • Nolakoa litzateke zure egun perfektua?
    Motxilarekin ibiltzea mendian zehar, eguzkitan, 25 gradutan. Gero, iturritik ura edan eta bainu bat hartu errekan, siesta egin liburua irakurtzen, eta afaldu aurretik pare bat ardo hartu, bakarrik.

  • Zein izan da zure lorpenik handiena?
    Hartzen ditudan erabaki garrantzitsuenetan nire bihotzak esaten didanari jarraitzea. Dena da hurrengorako entsegu txiki bat.
  • Tatuaje bat egin beharko bazenu gaur, zer izango litzateke?
    Hortan pentsatzen ari naiz azkenaldian. Ziurrenik Maite Gurrutxagaren irudiren bat.
  • Zein ohitura jaso duzu gurasoengandik?
    Ohiturarik ia bat ere ez, balioak ia denak.
  • Nola deskribatuko zenuke zure burua hiru hitzetan?
    Utzi-Horrenbeste-Arduratzeaz.
  • Zer gairi buruz hitz egitea maite duzu?
    Historia, arkeologia  eta politika… eta edozein gai, adibidez, nola kalkulatu zenbat lurrazal, ur eta energia behar den Nafarroako erremolatxa kontsumoa bermatzeko.

  • Zer prestatu ahalko zenuke oraintxe bertan hozkailuan daukazunarekin?
    Porrusalda.
  • Dena dakien izaki bati galdera bat egin ahal izango bazenio, zer galdetuko zenioke?
    Nola probatu duzu hori?
  • Nola irudikatzen duzu zure burua hemendik hogei urtera?
    Bizirik.
  • Hil aurretik egitea gustatuko litzaizukeen zerbait?
    Justu instant bat lehenago hau esatea: “Dena ondo dago, maite zaitut, banoa lasai”.
  • Zein da jaso duzun gomendiorik onena?
    Zure burua zaintzea da besteei maitasuna emateko lehenengo gauza.