Zinemaldian ikusi eta entzundakoak

Zinemaldian ikusi eta entzundakoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaldian-ikusi-eta-entzundakoak/@@download/image/20119164439ZINEMALDIA-2011.jpg
2012/12/13
berria
Zinemaldian ikusi eta entzundakoak
GAZTEZULOko zine aditua, Aitor Abaroa, Zinemaldian murgilduta dabil egunotan. Prentsa pasea izango ez balu bonu berezia hartuko lukeen horietakoa da, egunero lau filma ikusi ondoren tragoaren bueltan zuzendari ezazagun eta aktore berriei buruz berriketan nekatzen ez den horietakoa. Zinemaldiaren inguruko egunerokoaren kronika, ikusitako filmearen kritika, prentsaurrekoetan eta kalean esaten direnak… Hemen joango da jasotzen. 


BIZITZARI BEGIRATZEKO MODU BAT; MODUA

Aitor Abaroa. Donostia. 2011-09-17.

"Un poco pastelón" dio albokoak. Guztiz kontrakoa esango nuke. Sentimenduak hain gordin ez ditut aspaldian ikusi film batean. Irribarreak ugariak dira, baina negar zotinek dute film honetan indarra. Eta Michelle Williamsen begiradak ezinhobeto adierazten du hori. Beldurra eta ausardia. Gauza bera baitira. Beldurrik ez duenak ez baitauka ausarta izateko beharrik. Film honetako pertsonaietako batean, egoeraren batean, momenturen batean bere burua ikusi ez duenak ez duela maitatu esango nuke. Ikusleak identifikatua sentitu nahi ez badu, ukatzen badu, pertsonaia bere ekintzengatik juzgatzen badu, begiak itxi nahi baditu, arazoa ez du filmak.

Horretaz gaiz, filmaren beste bi alderdi aipatuko nituzke. Lehena, musika. Zoragarria. Leonard Cohen, Micah P. Hinson, Sigur Ros... Zuzendariak gauza hauetan ikuslearekin bat egiten duenean filmarekin sortzen den harremana berezia da. Seguru tontakeria hutsa dela, baina esango nuke arteari begiratzeko moduak bizitzari begiratzekoarekin zerikusi handia duela. Eta bigarrena, argia. Zeru urdinetik zein etxeko leihotik barrena, errealitatetik ihes egiteko nahia dario.

*Orain arte ikusi ditudan filmen prentsaurrekoetan (Albert Nobbsenean ez naiz izan) kazetarien galderen aurretik derrigorrezkoa zirudien "Zorionak, film zoragarria iruditu zait" esatea. Eta niri film horietako bakar batek ere konbentzitu ez. Gaur, Sarah Polleyri "Luzea egin zait" edota "Ez dut ezer ulertu" bezalakoak esan dizkiote. Eta niri orain arte ikusitako filmeetatik gehien bete nauena izan da. Eta horrek oso sentsazio ona eragiten dit.

TAKE THIS WALTZ (Sail ofiziala)

Zuz: Sarah Polley.

Akt: Michelle Williams, Luke Kirby, Seth Rogen, Sarah Silvermann.



ZER ESAN...

Aitor Abaroa. Donostia. 2011-09-17.

Sail Ofizialarekin hasi eta gero, Zabaltegiko harribitxi esperotakoetako bat ikusi behar: Terrence Malicken The Tree of Life. Zuzendari estatubatuarraren filmetan hitzek ez dute leku handirik. Gauzak horrela, ni ere ahalik eta laburrena izaten saiatuko naiz. Egia esan, hitzik gabe geratu naiz. Bi ideia, laburrean:

Bat: Filma maisulan zoragarria dela irakurtzen duzuenean, sinestu. Zinematografikoki nekez ikusi da  horrelako lorpenik. Poesia hutsa. Zineaz haratago doana. Denboraren beste dimentsio bat erakusten du. Argiak sekula ez du hainbeste bizirik izan. Musika erraietan sartzen da. Erlijiotsuek maiteko dute. Ateoak zerura hurbilduko ditu. Urteko filmetako bat izan daiteke. Ikusi beharrekoa.

Bi: Ez dut ezer ulertu. Filmak ziur dituen mezuetako bat bera ere ez dut harrapatu. Hari narratiboari ez diot momentu batean ere heldu. Jainko erresonantziadun off-eko ahotsak esandako esaldi bakar bati ez diot zentzurik hartu. Sean Pennek filmean zer egiten duen ez dakit. Filma ulertu dutela diotenen artean inutil konpletoa sentitzen naiz. Urteko misterioetako bat izan daiteke. Aztertu beharrekoa.

Ondorioa: Pinturan entzun izan dut, koadro bat ez dela ulertu behar, transmititzen dizuna sentitu behar dela. Norberari esaten diona dela balio duena. Ez dakit zineak ere parametro artistiko berak konpartitzen dituen. Hori bai, The Tree of Life ikusten baduzu, eseri, zentzumenak erne jarri eta intelektoa itzali. Bidai on.

THE TREE OF LIFE (Zabaltegi harribitxiak)

Zuz: Terrence Malick.

Akt: Brad Pitt, Jessica Chastain, Sean Penn




Kazetarien galderez, eta bihotzaz

Aitor Abaroa. Donostia. 2011-09-16

Zinemaldiko prentsaurreko askotan, talde aparta ekartzen dute film ugarik: Zuzendaria, lauzpbost aktore, ekoizleak… Eta kazetariaren lana da protagonista horiei ahalik eta hitzik interesgarrienak, politenak, konprometituenak ateratzea. Zer gertatu ohi da kasu gehienetan? Bada izarrik disdiratsuenarentzat izaten direla galdera guztiak eta gainontzekoak itzulpenerako kaskoekin disimulatzen dutela asperdura sentipena.

Intruders filmaren prentsaurrekoan, bi izar izan dira: Clive Owen aktore aparta eta Juan Carlos Fresnadillo zuzendaria. Logikoa iruditzan zaidan bezala, galdera gehienak zuzendariarentzat izan dira. Noski, aretoan bildutako kazetari gehienak espainolak izateak ere badu pisurik. Eta bigarren postuan, Nola ez, Owen geratu da. Eta Daniel Brühl? Eta Pilar Lopez de Ayala? Carice Van Houtten? Ella Purnell gaztea?

Baina kazetarien artean badago bihotz onekorik ere, edo beste era batera begiratuta, ohikotik at, guztiek plazaratuko dituzten hitzetatik at, beste zerbait bilatzen duenik ere. Hala, lau aktoreetako bakoitzak izan du galdera bana. Are gehiago, Enrique Lopez ekoizleak ere hitz batzuk esan ditu, nahiz eta galdera zuzenean berarentzako ez izan.  Mercedes Gameiro ekoizleak ez du aukerarik izan.

Eta zein da ondorioa: Clive Owen aktore bikaina dela baina prentsaurrekoetarako ez dela jaio. Bi hitz interesgarri jarraian ez dizkiot entzun. Aldiz, Brühlek irribarrea atera digu, apaizaren papera prestatzeko bibliarekin lo egin duela esan duenean. Eta Van Houttenek askok gustuko dituzten trapu zaharrak atera ditu, Espainia-Holanda finalaren egunean lantaldeko holandar bakarra izanik, Owenek ere Espainiaren alde egin zuela eta Lopezek hurrengo egunean autokarabanan espainiar selekzioaren posterra jarri ziola esatean.



Hasteko
Intruders

Aitor Abaroa. Donostia. 2011-09-16

Goizeko bederatzietan Viktoria Eugenia antzokian sartu, aditu aurpegidun jende artean eseri eta Zinemaldiko Sail Ofizialari irekiera eman dion Intruders filma ikusteko prest. Txan-txa-txa-txan… Universal! Begenekien ekoiztetxe handia atzean zegoela, baina intelektual giro honetan, hozkirria sartuko zitzaion bati baino gehiagori. Eta mimetismo profesionalak kutsatuta edo, neuri ere sentsazio arraroa eragin dit. Dena dela, lasai gaitezen. Irekiera saioa da, lehiaketaz kanpo eta Clive Owen prentsaurrekoan izango dugu pare bat orduren buruan.

Filmak bi hari ditu. Bi ume, espainola mutila, ingelesa neska. Bakoitzak ipuin bat dauka eta ipuin bakoitzak mamu bat. Gauetan lo egiten uzten ez dieten munstroak. Eta filmak berak ere, bi begiradaz ikusia izateko aukera ematen du. Alde batetik, zinemaldiko prentsa akreditatu adituaren ikuspegitik. Hau da, mesfidati, zuzendariari konfiantzarik eman gabe, filma aretoan dagoen maila intelektualaren azpitik jarrita. Hala, film deskonpentsatua ikusiko dugu, neskaren istorio errealistak metraje zein intrigan mutilaren fantasiak ilunpean uzten dituena. Apaizak eta etxeorratzak helduleku narratibo sendorik gabe uzten dituena. Eta amaieran, bi istorioak "hasieratik espero zitekeen gidoi kolpe" batekin uztartzen dituena.

Beste aldetik, merkataritza zentrora beldurrezko bat ikustera doanaren ikuspegitik ikus daiteke filma. Hala, ahoz-goran kontatutako ipuinean murgilduko da. Musikak eta batez ere soinu efektuek tentsioan mantenduko dute. Eta amaieran, irribarre konplize batekin hartuko du bi istorioak lotzen dituen gidoia. Eta konturatuko da sustorik ez diotela eman, ez duela beldurrik pasa, baina zirrara puntu bat utzi diola sabelean.

Hori guztia esanda, Jainko jakinguztidunaren pulpitutik, pasta-betaurrekodun kritikariari bere tarta zatia emango diogu. Amaierara arte balantza desorekatuan doaz bi istorioak (ez du onartuko hala behar dutela). Karras aitaren oinordekoa guztiz sobera dago. Eta etxeorratzeko istripuak justifikazio sotiletik gutxi dauka. Bale, Faunoa ipuin erdian lo geratu da eta izara azpiko linternak ez du seigarren zentzurik piztu. Baina lasai gaitezen. Irekiera saioa da, lehiaketaz kanpo eta Clive Owen prentsaurrekoan izango dugu ordu betean.

INTRUDERS (Sail ofiziala, lehiaketatik kanpo)

Zuz: Juan Carlos Fresnadillo.

Akt: Clive Owen, Pilar Lopez de Ayala, Daniel Brühl.