Zinemaldi alternatiboa bihartik aurrera Donostian

Zinemaldi alternatiboa bihartik aurrera Donostian Sei pelikula eskainiko dituzte bihartik hilaren 26ra bitarte aire librean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinemaldi-alternatiboa-bihartik-aurrera-donostian/@@download/image/caractula_cinecicleta.jpg
2021/09/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei pelikula eskainiko dituzte bihartik hilaren 26ra bitarte aire librean.
Zinemaldi alternatiboa bihartik aurrera Donostian

Bihar abiatuko da Donostiako Zinemaldi Alternatiboa eta hilaren 26ra arte iraungo du.  Zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartzea izaten du helburu ekimenak. 2006an Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak antolatu zuen lehen edizioa eta hiru urteko etenaren ondoren, Groseko Kortxoenea gaztetxeak berreskuratu zuen. Orduz geroztik, zinema alternatiboaren eskaintzari eutsi diote eta hiriko gune eta proiektu autogestionatuetan egin dituzte proiekzioak. Aurten, ordea, saio guztiak aire librean egingo dituztela jakinarazi dute eta 20:00etan izango dira emanaldiak. 

Bihar abiatuko dute Zinemaldi Alternatiboa Sin Tu Permiso dokumentalarekin. Punk eta hardcore eszenako hainbat lagunen testigantzak jasotzen dituen dokumental feminista da hau. Txantxarrekako terrazan egingo dute eta ondoren solasaldia izango da. 

Larunbatean ere beste dokumental bat eskainiko dute, Rame pour ta planète.  Estatu frantseseko eta Iparraldeko surfistek itsasoaren defentsan bultzatutako hainbat borroka kontatzen ditu filmak. Marruma Kulturalak egitasmoaren eskutik, solasaldia egingo dute ondoren Sabina Hourcade filmaren zuzendaria eta Antondegi Berdea plataformako kideekin. Saguesko pilotalekuan izango da emanaldia. 

Irailaren 23an, osteguna, Larraitz Zuazoren Nosotras, mujeres de Euskalduna izango da ikusgai Saguesko pilotalekuan. Jarraian,  solasaldia eta Bitsa fanzinearen aurkezpena egingo dira, Groseko Asanblada Feministaren eskutik. Hurrengo egunean, hilak 24, Tijera contra Papel dokumentala izango da, Espainiako Estatuko zentsurari buruzkoa, Intxaurrondoko Letaman gaztetxeko terrazan. Aurkezpena egingo dute Piztu Donostia-ko kideek.

Larunbatean, hilak 25, Juan Zavalaren Africa en Cinecicleta eskainiko dute Trinitate plazan. Carmelo Lopezek eta Isabel Segurak Afrikatik egindako bidaia kontatzen du filmak. Bikote madrildarrak bizikletaz zeharkatu zuen kontinentea eta herri bakoitzean  ikusleek emandako pedalkaren bidez martxan jartzen zen sistemen bidez egiten zituzten proiekzioak. Horrela argindarrik gabe ere egin ahal izan zituzten emanaldiak. Sorkuntza Txokoaren eskutik, solasaldia egingo dute ondoren Juan Zavala zuzendariarekin, eta Carmelo Lopez eta Isabel Segura protagonistekin.

Azkenik, hilaren 26an, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko!  dokumentala izango da, Egiako Gladys Enea parkean. Jarraian, solasaldia egingo dute Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal zuzendariekin.