Zinegoak jaialdiak "queertopiak" aldarrikatuko ditu, ekainaren 24tik uztailaren 1era

Zinegoak jaialdiak "queertopiak" aldarrikatuko ditu, ekainaren 24tik uztailaren 1era 50 proiekzio eta jarduera antolatu dituzte, "gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran" indar egiteko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinegoak-jaialdiak-queertopiak-aldarrikatuko-ditu-ekainaren-24tik-uztailaren-1era/@@download/image/DSC1051_b.jpg
2024/06/12
50 proiekzio eta jarduera antolatu dituzte, "gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran" indar egiteko.
Zinegoak jaialdiak "queertopiak" aldarrikatuko ditu, ekainaren 24tik uztailaren 1era

Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia, ekainaren 24tik uztailaren 1era izango da, eta  kultura eta sexu aniztasunarekin lotutako proiekzioak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak eta beste hainbat kontu izango dira egitarauan. 

21. edizioaren "queertopiak" aldarrikatuko ditu, Dom Campistronek egindako kartelak islatzen duen moduan. “Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei Queertopiak deitzea erabaki dugu”, azaldu du jaialdiaren zuzendari den Alaitz Arenzanak. 

Film luzeen sail ofizialean hamabost pelikula izango dira lehian, eta hainbat lekutako fimak ikusi ahal izango dira, tartean Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia eta Alemaniakoak. Askotariko gaiak jorratu dituzten filmak dira: Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi-talde queer baten bizipenak; Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunitatearen historia; Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak; sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna eta LGTBfobiaren salaketa eta haren aurka borrokatzeko ahalduntzea, besteak beste. Zinegile eta pelikuletako protagonistetako batzuk ere bertaratuko dira proiekzioen osteko solasaldietan parte hartzeko.

Hogeita hamar film labur ere emango dituzte. Bi ziklo berri izango dira gainera aurtengoan. Alde batetik, Queertopiak, eta bertan bilduko dituzte zapalkuntza-sistema guztietatik ihes egiteko borrokan ari direnen istorioak. Bestetik, Sexilioak, euren jaioterria, familia edo ingurua uztera behartuta egon diren pertsonen bizipenak, bazterketa eta indarkeria pairatu dutelako euren orientazio, genero edo sexu aniztasunagatik. Sail ofizialetik kanpo, Euskal Herrian sortutako ekoizpenak proiektatuko dituzte Erroak sailean.

Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak
Ekainaren 24an izango da irekiera gala, Arriaga antzokian, eta Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute. Eddi Circa kantautorea ere bertan izango da, eta Clarisa Navas zuzendari argentinarrak Ohorezko Saria jasoko du.

Itxiera ekitaldia, berriz, uztailaren 1ean izango da Bilborocken, eta bertan jakinaraziko dira 21. edizioko irabazleak. Behin jaialdia amaituta, Zinegoakek bere leiho digitala irekiko du Filmin plataforman, eta bertan sail ofizialeko hainbat lan ikusi ahal izango dira. Primeran plataforman ere kanal bat sortuko dute jaialdiko hainbat pelikularekin, eta sexu-aniztasuna lantzen duten bestelako ikus-entzunezkoak ere izango dira.

Bestelako jarduerak
Arte eszenikoek ere izango dute tokia jaialdian. Ekainaren 17an Erreka Mari antzezlana eskainiko dute Muxikaberrin. Hans Christian Andersenen La Sirenita lanaren berriskupen librea da, eta Egoitz Sanchez aktorea da protagonista.

Plazeratu.klub kolektiboaren aurkezpena eta jaia ere egingo dute Biran. ZG Pro jardunaldi profesionalak ere antolatu dituzte ekainaren 27an eta 28an, eta masterclassak eta bestelakoak izango dira.

Programazio osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Aurre-jaialdia ekainaren 21etik 23ra
3, 2, 1… Zinegoak! jaialdia egingo dute aurrez. Ekintza hauek izango dira: Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed dokumentalaren proiekzioa; Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua; Dantzertiren  Lopek zioenez, Sin mí, sin vos y sin Dios antzezlana; Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpena; bertso-saioa, Albina Stardusten showa eta DJ Eromenaren emanaldia. Azkenik, Irantzu Varela eta aurtengo ohorezko saridun Clarisa Navasen arteko solasaldia egingo dute, eta bere hiru lan proiektatuko dira.