Zinegoak jaialdia, aurten digitalean ere

Zinegoak jaialdia, aurten digitalean ere Martxoaren 1etik 14ra egingo dute; Helena Goñiren argazkia izango da aurtengo irudia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zinegoak-jaialdia-aurten-digitalean-ere/@@download/image/zinegoak-2021.jpg
2021/01/18
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Martxoaren 1etik 14ra egingo dute; Helena Goñiren argazkia izango da aurtengo irudia.
Zinegoak jaialdia, aurten digitalean ere

“Genero izpirik gabe” leloa aukeratu du Zinegoak jaialdiak bere 18. ediziorako. Zinegoak aurrez aurre eta modu birtualean antolatuko da aurten, osasun-egoerak ezartzen dituen neurrietara egokituta. Ohiko jarduerez gain, jaialdiak online bertsioa izango du Filmin plataforman, eta bertan Zinegoaken eskainiko diren hainbat lan ikusi ahal izango dira. 

Jaialdiaren aurtengo kartelerako Helena Goñi argazkilariaren irudia aukeratu dute. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, “Helena Goñiren irudian ikus dezakegu belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero-identitatea”. Guillenen hitzetan, “gero eta ohikoagoa da ‘pertsona ez binarioa’, ‘genero neutroa’ edo ‘mugarik gabeko generoa’ bezalako kontzeptuak entzutea. Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identitatearen mugak zabaldu direla eta aukera guztiak baliagarriak direla”.

Irudian agertzen diren protagonistek ilea berdez tintatuta dute, intentsitate-maila ezberdinetan. Helena Goñik azpimarratu duenez, “keinu horren bidez identitate kolektibo bat sortzea izan da nire helburua, eta gero bakoitzak nahi duen moduan kolorea bere neurrira egokitzea”. Goñik adierazi du bere asmoa ez dela izan generoaren inguruko hausnarketarik bultzatzea, gaia modu naturalean agertu zela. Zinegoakeko kartel ofizialean agertzeko aukerari buruz galdetzean, esate baterako, argi geratu da aniztasun hori euren errealitatearen parte dela.

Aniztasun horren isla gakoa izan da irudia aukeratzeko orduan. Guillenek azaldu duenez, “azken urteetan lan handia egin da sexu-aniztasunaren aldeko sentsibilizazioan eta hezkuntzan, eta horrek eragina izan du gure gizartean eta are gehiago belaunaldi berrietan. Aurtengo Zinegoakeko kartelak ere hori islatu nahi izan du. Izan ere, kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, genero-identitatearen aniztasuna, norberak bere identitatea garatu eta bere beharrizanetara egokitzen du”.

Aurrez aurre eta modu birtualean

Osasun-neurrietara egokituko bada ere, Zinegoakeko 18. edizioak ez du bere nortasuna galduko eta aste biko programazioari eutsiko dio. Aurrez aurreko jarduerez gain, programazio birtuala ere eskainiko da Filmin plataformaren bidez.

“Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko diogu”, nabarmendu du Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek. “Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara gerturatzen den jendea, baina badakigu aurreikuspenarekin jokatu behar dugula eta egoera kontuan hartuta, ahalegina egin behar dugula jaialdia etxeetaraino ere eramateko”.

Helburu horrekin, aurten Zinegoakek Filminekin lankidetza egingo du eta Zinegoakeko sailak plataforma honetan ikusi ahal izango dira.

Lekeitio, Zinegoak 2021eko egoitza ofiziala

Horrez gain, Zinegoakek ere esfortzu berezia egingo du jaialdiko lanak publikoarengana hurbiltzeko. Hori dela eta, lehenengo aldiz, Zinegoakek egoitza ofiziala izango du Bilbotik kanpo.

Bizkaiko hiriburuan jaialdia antolatzen ari den bitartean, Lekeition ere jaialdiko proiekzioak eskainiko dira, Zinegoak eta Zine Bileraren arteko lankidetzari esker. Horrez gain, martxoaren 14tik aurrera, ohi bezala, Zinegoakeko hedapena hasiko da, Euskal Herriko hainbat herritan.

Jaialdiaren antolakuntza buru-belarri ari da 2021. urteko edizioa segurua eta erakargarria izan dadin, eta otsail erdialdean aurkeztuko ditu programazioaren zehaztasun guztiak.