Zilarrezko Gehitu saria Itxaro Borda idazlearentzat

Zilarrezko Gehitu saria Itxaro Borda idazlearentzat Gehitu elkarteak Bordak bere lanean erakutsitako 'ausardia eta zintzotasuna' nabarmendu ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zilarrezko-gehitu-saria-itxaro-borda-idazlearentzat/@@download/image/borda b.jpg
2021/09/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudi nagusia:  Betrand Lapègu

Gehitu elkarteak Bordak bere lanean erakutsitako 'ausardia eta zintzotasuna' nabarmendu ditu.
Zilarrezko Gehitu saria Itxaro Borda idazlearentzat

Urtean zehar edo bere ibilbidean LGTBIQ+ komunitateari babes publikoa eman dion pertsona, elkarte, administrazio edo erakundeari ematen zaion garaikurra da Zilarrezko Gehitu saria. Aurtengoan Itxaro Bordari eman dio saria Gehitu elkarteak, "LGTBIQ+ komunitateko emakume olerkari gisa egindako lanean erakutsitako ausardiagatik eta zintzotasunagatik, euskararen erabilera erresistentzia gisa aldarrikatuz gizarte patriarkal eta hipermaskulinoan fronte desberdinak biltzen dituen borroka batean". 

Itxaro Borda euskal idazlea da. Nafarroa Behereko Oragarren igaro zuen haurtzaroa eta Donapaleuko Jean Errekarte lizeoan nekazaritza-batxilergoa ikasi zuen. Jarraian, Paueko Unibertsitatean burutu zituen Historia ikasketak. Gaur egun Baionan bizi da.

Literaturaren arloan, 1974an argitaratu zuen bere lehen olerkia Herria aldizkarian. 1982an, Maiatz literatura-aldizkariaren sortzaile izan zen Luzien Etxezaharretarekin batera. Lehen olerki-liburua, Bizitza nola badoan, 1984an argitaratu zuen. Poesiaz gain, narrazioak eta saiakerak ere idatzi ditu, eta itzulpen-lanak ere egin izan ditu, besteak beste, Bertold Brenchten Kaukasiar kreazko borobila euskaratzeaz arduratu zen. Abestiak idatzi ditu hainbat musikarirentzat,  euskarazko prentsa-artikulu ugari argitaratu ditu, eta Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan kolaboratzaile aritu da. Gehitu magazinaren kolaboratzailea ere bada.

Elkartearen hitzetan, "bere lanen artean, azpimarratzekoak dira ni poetikoaren erabilera, egunerokotasunarekiko konpromisoa, sistemaren aurkako jarrera, sexu-aniztasuna ikusgai egitea eta euskararen aldeko kezka". 

Euskalduntasuna idazgai
Bere obrako pertsonaiarik ezagunenetakoa da Amaia Ezpeldoi, zuberotar detektibe atipikoa, landa ingurukoa, bisexuala eta komunikazio arazoak dituena. 1994ko Bakean ützi arte eleberrian agertu zen lehen aldiz Ezpeldoi, eta 1996ko Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño eleberrietan ondoren, horiekin trilogia osatuz. Hiru lan horietan Zuberoarekin lotutako gaiak jorratzen ditu Bordak, hala nola gasaren industria edo espartzuaren ekoizpena eta Ipar Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa eta kulturala. 2004an argitaratutako Jalgi hadi plazara izeneko lanean  berriro agertu zen pertsonaia hori, baina istorio hori Bilbon kokatua dago. 2012an Ezpeldoi protagonista zuen bosgarren eleberria kaleratu zuen: Boga Boga.

Horretaz gain, Bordak % 100 basque  argitaratu zuen 2001ean, hurrengo urtean Euskadi Saria irabazi zuena. Liburu hori euskaltasunari buruzko hausnarketa da: zer den, zein diren benetako ezaugarriak, zer den euskal kultura, zerk osatzen duen eta nola adierazten den… Egileak etengabe jorratzen ditu estiloaren inguruko gaiak eta, aldi berean, estereotipoak, errealitatearen beharra, kritika sozioekonomikoa eta kulturala.