Zientzia eta bertsolaritza lotuko dituzte gaur Bilbon

Zientzia eta bertsolaritza lotuko dituzte gaur Bilbon Zientzialariek hitzaldi labur eta arinak egingo dituzte, eta bertsolariek Kike Amonarrizek jarritako gaiaren inguruan kantatuko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zientzia-eta-bertsolaritza-lotuko-dituzte-gaur-bilbon/@@download/image/albistea jakinduri.jpg
2021/12/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zientzialariek hitzaldi labur eta arinak egingo dituzte, eta bertsolariek Kike Amonarrizek jarritako gaiaren inguruan kantatuko dute.
Zientzia eta bertsolaritza lotuko dituzte gaur Bilbon

Jakinduriek mundue erreko dau izenburupean, zientzia eta bertsolaritza lotuko dituzte gaur, 18:30ean, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Itxuraz urrun daudela iruditu arren, haien arteko muga gainditzen saiatuko dira, zientzia kontatu eta kantatuko duen emanaldi berezi honetan. 

Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguista izango da ekitaldiaren gidaria. Andoni Egaña eta Onintza Enbeitia bertsolariak, Xabier Artaetxebarria ingeniaria, Miren Basaras mikrobiologoa eta Josu Lopez-Gazpio kimikaria izango dira gainerako protagonistak, eta "ezagutza zientifikoa zabaltzeko errima perfektua bilatzea" izango dute helburu.

Zientzialari bakoitzak hamar minutuko hitzaldia eskainiko du euskaraz, eta labur-labur eta modu atseginean zenbait kontzeptu zientifiko azalduko dituzte: portaera altruista naturan, One Health (osasun bakarra) ikuspegia gaixotasunei aurre egiteko, eta puzkerren analisi kimikoa. Hitzaldi bakoitzaren ondoren, Amonarrizek gai bat proposatuko du, bertsolariek irudimena askatu eta bertsotan inprobisatzeko aukera izan dezaten. Gainera, bertaratutakoen ezagutza ere neurtuko omen dute, bestelako modu batean, eta irabazleek saria izango dute.

Sarrera doakoa eta librea izango da leku guztiak bete arte. Joaterik ez duenak, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango du.