Zhang Ziyi: lili basatiaren erakarmena

Zhang Ziyi: lili basatiaren erakarmena https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Zhang Ziyi: lili basatiaren erakarmena
Hogeita bat urte besterik ez ditu eta Ekialde Urruneko izarrik distiratsuena da dagoeneko. Edertasun hauskorreko lili basatia dirudien arren, tigrearen bihotza ezkutatzen du Zhang Ziyi xarmagarriak. Keinu samur eta irribarre xaloko neskatila herabe honen arima bolkanikoa bere begi ilun baina bizietan islatzen baita. Erakargarria da, zinez. Ez, ordea, itxuraz eder delako soilik. Marrazten dituen sentimenduei darien edertasunarengatik baizik.
Txinako hiriburuan jaio zen Zhang Ziyi 1980ko otsailaren 9an. Aita ekonomialaria zuen. Ama, berriz, haurtzandegiko irakasle. Hasiera batean, dantzaren mundura zuzendu zituen bere lehen urratsak. Arrakastaren eztiak bere ezpainak gozatu bazituen ere, dantza uztea erabaki zuen amaieran. "Dantza eskolako nesken arteko lehiakortasuna hain zen ikaragarria... Denek nahi zuten lehena izan. Biziki nuen gorroto giro hura. Ezbairik gabe, nire bizitzako sasoirik gordinena izan zen".
Dantza abandonatu eta gero, interpretazioaren esparruan murgildu zen. Hastapenak gogorrak izan ziren oso. Duela hiru urte, ordea, Zhang Yimou zinemagile handiak Ziyi gazteak egindako xanpu iragarki bat ikusi zuen eta neskarekin liluratuta geratu zen erabat. Hala, protagonistaren rola eskaini zion "Wo de fu qin mu qin" sentiberan. Estreinako lan horri esker, Txinako aktore onenaren saria erdietsi zuen Zhang Ziyik. Ang Lee iradokitzailearen "Crouching Tiger, Hidden Dragon" arrakastatsuak, aldiz, Mendebaldeko zinemaren ateak ireki dizkio aurten.
Aditu gehienen ustez, Gong Li finaren oinordekoa da Zhang Ziyi. Zurrumurruen maitaleek, berriz, Zhang Yimouren bihotzean ere ordezkatu duela ziurtatzen dute. Batak zein besteak euren artean ezer dagoenik ukatu dute, baina. Zeluloidezko ortzia argitzen duen izar berriak Hollywood bereganatzearekin egiten omen du amets orain bakar-bakarrik. Ingelesa ikasten ari da eta aurki Chris Tucker eta Jackie Chan ezagunen ondoan hartuko du parte "Rush Hour 2" komedian. Altzairuzko oihanaren asfaltoak Pekingo lili basatiaren lilura zimel ez dezan eginen dugu otoitz.