Zerura begira

Zerura begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerura-begira/@@download/image/sarezulo_149_1393930979.jpg
2014/03/10
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Zerura begira
Droneak gurean dira jada. Azkenaldian sarritan izan dugu haien berri, alor militarrari loturik nagusiki, hegazkin ez tripulatuek eragindako sarraskiak egunkarietako azaletara heldu baitira; metodo segurua, erasotzailearentzat, amets gaiztoa, ordea, erasotuarentzat.


Zorionez, aurrerapen teknologikoak ez dira soilik arlo militarrera bideratzen, eta gizarteratutakoan atzeman daitezke euren benetako abantailak. Gure esku ditugun droneak, gainera, ez dira militarrenak bezain handiak, ez baitute bonbarik garraiatzen; logelan bertan gorde genitzake. Batzuek kamara bat baino gehiago dituzte, beste batzuei ordea, geure kamara ezarri diezaiekegu. Ohikoena GoPro gailu ospetsua da. Aparailuon alderdirik erakargarriena kontrol modua da, izan ere, kontrol mandoarekin gidatzen diren droneak badiren arren, egun, asko dira smartphoneekin (Android zein iOS) gidatu daitezkeenak, eta soinean daramaten kamerak erregistratzen duen irudia gure mugikorrean ikus dezakegu denbora errealean. 

Iragan abenduan Amazon Interneteko merkataritza enpresa ospetsuenak Amazon Prime Air zerbitzua martxan jartzeko asmoa iragarri zuen. Sistemaren sortzaileen aburuz, erosketa egin eta 30 minutu baino lehen paketea zehaztutako helbidera eramateko gai izango dira. Horretarako, noski, behar bezala diseinatu eta moldatutako droneak erabiliko dituzte. Aurkezpen bideoa Sarean da ikusgai, eta oso erakargarria da benetan. Dena den, albisteak zurrumurru ugari eragin ditu Sarean, zenbaitek marketin kanpainatzat hartu baitute iragarpena. Eta hala bada ere, argi dago droneek abantaila handiak ekarriko dizkigutela, erabilera anitz baitituzte.

Esaterako, larrialdi egoeretan erreskate tresna ezin hobeak izan daiteke. Gailuaren tamainak leku txiki nahiz sarbide zaileko eremuetara erraz ailegatzea ahalbidetzen du. Oraingoz, drone bat ez da pertsona baten pisua altxatzeko gai, horretarako helikopteroa aproposagoa da, baina larri eta harrapatuta dagoenari beharrezko sendagaiak eta janaria bidaltzeko aukera eskaintzen du. Horrekin loturik, azken hilabeteetako eguratsa tarteko, Donostiako itsasertzak jasandako kalteak ebaluatzerako orduan drone bat erabili dute, baita Trintxerpe auzoan jazotako sutearen ondorioak ikusteko ere. Gailuak hartutako irudiak YouTuben ikusi daitezke.

Droneei buruz heldu zaigun azken berria, baina, Renault etxetik jaso dugu, Deliko Automobil-erakusketan aurkeztu zuten KWID modeloan drone bat ezarri baitute. Ibilgailua bera eta autoaren teilatuaren atzeko partean gordeta dagoen dronea tablet baten bidez gidatzen dira, baldin eta modu manualean jartzen badugu. Modu automatikoan, ostera, GPSaren laguntzaz eta programatutako pilotutzarekin egingo du hegan droneak, eta errepideko oztopoak identifikatu eta trafikoaren egoeraren berri emango digu, besteak beste.

Honenbestez, argi esan genezake droneak ez direla etorkizuneko gailuak, egungoak baizik, eta inbertsio txiki bat eginda, edonork eskura dezakeela berea.

HARRITU GAITU



Colourlovers
Disenatzaileak, argazkilariak, artistak... biltzen dituen sare soziala koloreetan oinarritzen da. Norberak bere lanetan erabiltzen dituen kolore sortak elkarbanatzen ditu.

KATXONDOENA



Meme Creator
Sarean hain ospetsuak egin diren memeak sortu eta elkarbanatzeko web orrialdea.

INFORMAZIO BILA



Diydrones
Drone gailuen inguruko web orrialdea. Bloga, foroa, denda... Denetarik aurkituko duzu.