Zerua ukitu nahian

Zerua ukitu nahian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zerua-ukitu-nahian/@@download/image/45p26-1.jpg
2004/10/01
erreportajea
Zerua ukitu nahian
Freestyle izenekoa, motokros modalitaterik arriskutsuena eta ikusgarriena da. Pilotuek bizitza arriskuan jartzen dute salto harrigarriena nork egingo. Mota guztietako saltoak daude, zein baino zein ausartago: Easy boy, Indian Air, Cliff Hanger, Cliker… Hona hemen Freestyle-ko jauzi arruntenak.

Superman
Jauzi honen hainbait aldaera daude:  motorraren atzealdeari eutsita; eskulekuari eutsita; esku bat atzealdean eta bestea eskulekuan… Saltoan, gidariek superman pertsonaia ezaguna irudikatzen dute. Oso ohikoa da erakustaldietan.

Rock solid

Salto ikusgarrienetakoa da, izan ere, gidariak airean dagoen bitartean, eskuak eta hankak askatzen ditu, eta hegan egiten du une batez. Gehienetan beste jauzi batzuekin lotuta dago.  Esaterako, superman arrakastatsuarekin. Ez da jauzi arriskutsuenetakoa, baina ikusleek oso gustuko dute. Pilotu gehienek egiten dute.

Back Flip

Jauzi arriskutsuena da. Pilotuak arrapala hagitz aldapatsu batetik igotzen dira, ziztu bizian, eta buelta osoa eman ohi dute airean, berriz ere, zolura bueltatu aurretik. Jauzi hau munduko gidari onenek besterik ez dute egiten: Ronnie Renner, Mike Metzger, Nate Adams eta Travis Pastranak, besteak beste.

Nac-nac

Oso jauzi ikusgarria da, baina aurrekoa baino errazagoa. Beraz, ohikoa da freestyleko erakustaldietan, pilotu profesional guztiek egiten baitute. Eskuinera zein eskubira egin daiteke: gidaria eskulekuari gogor eutsita dagoela, alde batera eramaten ditu gorputza eta hankak. Jauzi berean, pilotu batzuek alde batara eta bestera egiten dute; hau da, nac-nac bikoitza egiten dute.  

Tsunami

Kiss of Dead izenez  ere ezaguna da, izan ere, jauzi arriskutsuenetakoa da. Gidariak gogor eusten dio eskulekuari bi eskuekin eta gorputz osoa goruntz eramaten du. Bertikalki jartzen da, buruz behera dagoen bitartean. Kontua gidariak gorputza ahal den zuzenen jartzea da.

Hart Attack

Tsunamia jausiaren antzekoa da, baina zailagoa. Jauzian Bi eskuak eskulekuan eutsita joan beharrean, bat eserlekuan jartzen du gidariak. Aurrera zein atzera begira egin daiteke. Tsunamia bezala, oso arriskutsua da. Beraz, arrakasta handia izan ohi du ikusleen artean.

One hander

Halaxe izena dute esku bakarra erabilita egindako jauziek. Honakoa zail samarretakoa da —One handed seat indian—. Izan ere, eserlekuari esku bakar batez eutsita, pilotuek gorputza eta hankak alde batera jiratzen dituzte. One hander arrunta errazagoa da: pilotua zutitu egiten da eserlekuaren gainean, eta esku bakarrez eusten dio eskulekuari.