Zergatik ziztatzen zaituzte eltxo guztiek zuri?

Udako gau sargori horietako bat da; lasai asko zaude ohean lo, erdi biluzik eta leihoa irekita, izararik gabe. Bat-batean, zure belarriek horrenbeste gorroto duzun zurrunbiloa entzuten dute; ez, ez zara ametsetan ari. Eltxo baten erasoa jasaten ari zara. Azkar batean argia piztu, zapatila eskuetan hartu, eta munstroaren bila hasten zara, baina ongi ezkutatu da. Gelako pareta guztiak miatu ondoren leihoa ixtea erabaki duzu, pijama jantzi eta izara azpian babestuz. Gau luzea izango da, izerdi patsetan, zer eta hurrengo egunean eztenkadaz beteta esnatzeko!
Askotan gertatu zaizu halakorik? Besteekin lo egiten duzunean ere, zu zara ziztada gehien jasotzen dituena? Berdin du zu erabat estalita egotea eta ondokoa lasai asko biluzik, eltxoek zu aukeratzen zaituzte? Horrek badu azalpena!
Eltxoek horren gozoa aurkitzen bazaituzte, ziur aski zure izerdiagatik da. Adituen arabera, faktore askoren nahasketa perfektuak egiten zaitu erakargarri intsektu horientzat; gorputzaren tenperatura eta azaleko izerdiak zein zure arnasketan eragiten duen lurrinak. Horrekin batera, ikusmena ere erabiltzen dute eltxoek beren biktimak aukeratzeko. Aldiz, uste orokorraren aurka, zure odol taldeak edota odola "gozoa" izateak ez du inolako eraginik. Mito hutsak dira.
Bestalde, eltxoek inoiz ziztatzen ez dituztela harro adierazten duten horiek gezurra diote (ez kontzienteki); Eltxoek berdin ziztatzen dituzte, baina uste denaren aurka, ziztada guztiek ez dute azkura eragiten! Beraz, hobeto toleratzen dituzte eztenkadak, besterik gabe.
Dena den, albiste onak ditugu zuretzat; gurean existitzen diren 61 eltxo motetatik soilik 3 dira ziztatzen gaituztenak, eta soilik emeak badira. Ez dira uste duguna baina hainbeste!