Zergatik sentitzen naiz bakarrik?

“Bakarrik sentitzen naiz”. Zenbatetan esan diogu gure buruari esaldi hau? Ziurrenik behin baino gehiagotan, zeren arrangura zaporea duen baieztapen hau edozein momentutan azaldu daiteke izan haur, nerabe edo heldu. Halere noizean behin bakarrik sentitzea normala da, ez ordea sentsazio hau hilabete edo urtetan esperimentatzea.
Halaber, badago datu deigarri bat. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera munduan 7500 milioi pertsona inguru gaude konektatuak teknologiari esker, baina hala ere inoiz baino bakarrago gaude. Inoiz ez bezala ematen digu min bakardadeak.
Sentimendu honek ez ditu bakarrik tristura, desesperazio edo herstura eragiten. Bakardadeak osasun orokorrean ere eraginak ditu, kostu handiko epidemia bilakatu delarik. Hori horrela izanik bada garaia argi hitz egiteko: bakardadeak hil egiten du eta modu anitzetan gainera.
Chicagoko Unibertsitateko psikologiako departamentuan burututako ikerketa baten arabera bakardadeak heriotza goiztiarra jasateko arriskua biderkatzen du miokardioko bihotzekoekin, gizentasunarekin, adikzioekin eta suizidioekin.
Bakarrik sentitzeak apurka apurka zartatzen gaitu erabat hausteraino. Gizakiok kalitatezko konexio sozialak beharrezkoak ditugu seguritate, konfiantza eta afektua sentitzeko. Funtsezko eskubide honen falta suntsitzailea izan daiteke.
Socia Psychiatry and Psychiatric Epidemiology aldizkariak argitaratu duen erreportaje baten arabera bakardadea nola ulertzen dugun aldatuz joan da. Lehen ulertzen zen pertsona bat bakarrik sentitzen zela isolatuta zegoenean, ez zuenean sare sozial bat babesteko. Egun ordea, sare sozialak eskura ditugu, baina hala ere bakarrik sentitzen gara.
Hasteko, bakardadea ez da beti isolamenduaren sinonimoa. Bakarrik egotea ez da bakarrik sentitzearen berdina, hau da, egun pertsona ugari daude bikotekidea dutenak, familia, lagunak eta hala ere, sekulako bakardadea sentitzen dutenak.
Zerk huts egiten du orduan? Erantzuna ez da erraza, badira gure bizi zikloan istanteak harrapatuak sentitzen garenak. Sentitzen dugu ez duela ezerk aurrera egiten, inguruan dugunak ez duela esanahirik edo okerragoa dena, etorkizunarekiko ilusio edo motibaziorik ez dugula. Egoera honen erdian errutinak ito egin ohi du, garuna barnerakoi bilakatzen da eta hausnarketarako bakardadea bilatzea ohikoa izaten da. Bizitzari esanahirik aurkitzen ez diogunean zarakarra sortzen dugu gure inguruan. Horrela, gure harreman guztiek balorea eta transzendentzia galtzen dute.
Askotan gainera familia eta lagunak izangatik lotura ez da esanguratsua izaten, hau da, inguruan ditugun pertsonak ez ditugu “eskura”. Hau gertatzen da familiarekiko konfiantza galtzen dugunean edo beraiengandik babestuak sentitzen ez garenean. Batzuetan gertatu ohi da inguruan ditugun lagunak afaltzera joateko edo parrandarako soilik direla. Horrelakoetan zaila da beraiekin norbere kezkak partekatzea.
Zoritxarrez bakardade emozionala oso normala da egun. Bakardade mota hau ohikoa da zaintzaileetan edo ardura handiak bere gain hartzen dituzten pertsonetan. Besteengan pentsatzen egoten baitira 24 orduz euren beharrak alboratuz. Horregatik, berandu baino lehen bakardade sentimendua sortzen da. Zaintzaileak sentitzen du baztertuta dagoela, emateko bakarrik dagoela eta ez jasotzeko.
Galera bat, haustura afektibo bat... Badira inor prest ez dauden jazoerak, mingarriak direlako zail izaten da horiek gainditzea. Horiek sendatzeko zailak izaten dira bakardade sentimendua areagotuz. Horrelakoetan, iraganeko zauriak tapatzeko edozein harreman afektibo ez dela nahikoa dirudi, sortzen den harreman oro ezegonkor sentitzen da eta kosta egiten da babesa topatzea.
Bakardadea tratu txar bilakatzen denean
Bada beste mota bateko bakardadea ere, hirugarren adinekoek jasaten dutena. Egun, arazo larrienetako bat da hau, alarma soziala piztu duena eta kontzientziazioa eta estrategiak exijitzen dituena. Pertsona heldu ugari daude (gehienak emakumezkoak) isolamendu eta aukeratu gabeko bakardadean bizitzen. Noizean behin beraiez interesatzen diren familiar, bizilagun eta zerbitzu sozialetakoak langileak dituzte inguruan, baina ez da nahikoa izaten, ez baitira esanguratsuak harreman horiek pertsona horientzat. Egunak ordu asko ditu, eta gehiago isiltasuna nagusi den etxeetan. Egoera honek narriatze kognitiboa azkartzen du eta bestelako gaixotasunak azalarazi.
Testuinguru honetan beharrezkoa da hirugarren adineko pertsonen isolamendua konpontzeko mekanismo aktiboagoak martxan jartzea. Bizi-itxaropena inoiz baino handiagoa den honetan, ezinbestekoa da bakardade mota honekin amaitzea. Aukeratzen ez den bakardadea egungo etsai mingarriena baita. Hala ere, bakardadea esklusio sozialaren sinonimoa da edozein adinetan ere eta ondorio larriak eragin ditzake.