Zergatik ahazten duzun egiten ari zarena gelaz aldatzean

"Eta ni, zertara etorri naiz sukaldera?". Zenbat aldiz gertatu zaizu halakorik? Beharbada albiste hau irakurtzen amaitu duzu beste gauza bat egitera zindoazen bitartean. Gogoan duzu zer den egitera zindoazen hori?
Lasai, zure memoria ez da uste duzun bezain makala. Halakoak guztioi gertatzen zaizkigu, "atari-efektua"-ren ondorioz. Zer da hori? Hainbat ikerketek diotenaren arabera, gure garunak gauzak gogoratzen ditu aurkitzen garen leku fiskioaren arabera. Hau da, sukaldean bagaude, sukaldearekin lotutako gauzez gogoratuko gara errazago; janariaz, erosketez, garbiketez, goseaz... Edo logelara bagoaz, arropaz, nekeaz, etxekolanez eta antzekoez gogoratuko gara. Horregatik, gauza bat egiteko gelaz aldatzen garenean, gure garunak bat-batean ahaztu egiten du egitera gindoazen hori ez duelako aurkitzen garen gelarekin lotzen.
Hala, gure garunak inguratzen gaituena erabiltzen du egin behar ditugunak memorizatzeko; horregatik, lotura horiek topatzen ez dituenean ahaztu egiten du egitera zihoan hori. Konpobidea? Ideia izan dugun lekura bueltatzea. Berdina gertatzen zaigu mundu birtualean; Interneten gauza bat topatzeko martxan jartzen dugun prozesua maiz eten egiten da, eta bat-batean ahaztu egiten dugu hasiera batean bilatu nahi genuen hori.