Zentsura At! Jaialdia Bilbon

Zentsura At! Jaialdia Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zentsura-at-jaialdia-bilbon/@@download/image/201110276137zentsura1.jpg
2012/12/13
berria
Zentsura At! Jaialdia Bilbon
Azaroaren 7tik 11ra bitartean diziplina ezberdinetako nazioarteko artistek jasandako zentsuraren aurkako erakusketa eta kontzertuak burutuko dituzte. 

BBK aretoan Biñeta Zentsuratuak izeneko erakusketa antolatu dute. Bertan Espainiako haur eta gazte prentsak pairaturiko zentsura kasuak ikusi ahalko dira. Alondegian, berriz, Malasiako Zunar komikigilearen To Fight Through Cartoon lanak egongo dira ikusgai. Marrazkilari honek 20 urtetik gora daramatza Malasiako gobernuaren gehiegikeriak salatzeko biñeta editorialak egiten, eta hainbatetan pairatu behar izan du zentsuraren atzaparra.

Owen Maseko pintorearen Zimbaweko Pintura erakusketa, eta Cheri (Kongo), Jean Paul Nsimba Mika (Kongo), Fahed Halabi (Golan, Siria) eta Umida Ahmedova (Uzbekistan) artisten lanak ere Udaleko hainbat eraikinetan eskegiko dituzte Zentsura At! Artelanen atzera begirakoan.
 
Kontzertuei dagokienez, hiru izango dira, hiruak BBK Aretoan eta 20:00etan hasita.  Azaroaren 7an, Bombino (Tuareg - Niger), 8an Hugh Masekela (Hego Afrika), eta 9an Sierra Leone´s Refugee All Stars (Sierra Leona).

Ekimena interesgarria da, mundu mailan zentsura baita askatasunaren arerio nagusienetariko bat. Eta zentsura jasandako egile hauei babesa eskaintzea da helburua. Are interesgarriagoa litzateke, ordea, gertuagoko kasuei ere erreparatuko balie.