Zein puntutan geratu dira gure telesail gustukoenak COVID-19aren ondoren?

Zein puntutan geratu dira gure telesail gustukoenak COVID-19aren ondoren? Dakizun bezala, osasun-larrialdiak telesail ugariren grabaketak bertan behera geratzea bultzatu zuen, baina batzuk itzulera prestatzen ari dira dagoeneko! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zein-puntutan-geratu-dira-gure-telesail-gustukoenak-covid-19aren-ondoren/@@download/image/telesailak_gaizka_gaztezulo.jpg
2020/07/10

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Dakizun bezala, osasun-larrialdiak telesail ugariren grabaketak bertan behera geratzea bultzatu zuen, baina batzuk itzulera prestatzen ari dira dagoeneko!
Zein puntutan geratu dira  gure telesail gustukoenak COVID-19aren ondoren?

Pandemiak mundu osoko industria edota enpresen 2020rako planak nahastu egin dituela nabaria da, eta horien artean ikus-entzunezkoaren sektorekoak ere ez dira salbatu. Aurten estreinatzeko aurreikusita zeuden telesailetako askok atzeratu egin behar izan dute estreinaldia edota filmaketa, baina orain, herrialde batzuk "normaltasun berrian" sartzen ari direnez, apurka filmaketak berriro hasi dira edo laster egingo dituzte. Hemen zerrenda:

‘Succession’

Succession zoragarriaren lehen denboraldia 2018ko ekainean ikusteko aukera izan genuen eta bigarrena hurrengo urteko abuztuan. Zoritxarrez hirugarrena ez dugu uda honetan ikusiko, grabazioa atzeratu behar izan duten beste telesailetako bat izan baita. Hirugarren denboraldi honetarako asmoa, grabaketak atzerrian grabatzen jarraitzea zen (telesailak dagoeneko Ingalaterran edo Kroazian filmatu du), zoritxarrez agian, egoera berriak hori eragotziko du.

 

‘Fargo’

Fargoren laugarren denboraldia apirilaren 19an estreinatzekoa zen, eta Chris Rock aktorea azaltzen zen trailerra ere ikusi ahal izan genuen. Zoritxarrez filmaketa ezin izan zen amaitu eta telesaila atzeratu egin zen, Fx ekoiztetxekoek aurreratu dute urtea amaitu baino lehen ikus genezakeela.

‘Better call Saul’

Breaking Bad maisulanaren spin-offaren bosgarren denboraldia aurtengo apirilean amaitu zen -maisuki gainera-. Urtarrilean, telesailak seigarren eta azken denboraldia izango zuela iragarri zuten, 2021ean estreinatzeko intentzioz. Koronabirusaren egoerak ez dio gehiegi eragin behar eta printzipioz normaltasun osoz estreinatuko da iragarritako datetan.

‘Stranger things’

Netflixen telesailik ezagunena aurtengo urtarrilean hasi zen bere 4. denboraldia filmatzen, eta otsailean argitaratu zuten beren lehen teaserra. Bazirudien dena ondo zihoala eta atal berriak ikusteko aukera izango genuela udan, baina dena gelditu behar izan zen denboraldia errodatzen amaitu baino lehen. The Hollywood Reporte-ren arabera, telesaileko lantaldea irailaren 17an filmatzeko prest egongo dira berriro, eta litekeena da emaitza 2021era arte ez ikustea, edo, agian, nork daki, Gabonetako opari gisa itzultzea.

‘The Crown’

 Beste telesail batzuekin gertatu ez bezala, The Crownek bere laugarren denboraldia ia grabatua zuen filmaketak gelditu behar izan zirenean. Tobias Menziesek adibidez,  guztia osatzeko pare bat aste geratzen ziren arren, jada bere eszena guztiak grabatu zituela azaldu zuen sareetan. Gauzak horrela, baliteke koronabirusak eragin txikia izatea telesailean, eta emisioari eustea. Ez dute baieztatuta noiz izango den,baina urte honen amaieran izatea espero da.

‘Atlanta’

Donald Gloverren telesail berezi honi buruz dugun azken albistea joan den urtarrilekoa da, bi denboraldirako berritu zutela baieztatu baitzuten (3.a eta 4.a). Grabaketa udaberrian hastea aurreikusita zegoen eta telesaila 2021eko urtarrilean estreinatzea, baina orain atzeratu egingo dela dirudi.

'The Handmaid's Tale'

Duela aste batzuk Huluk baieztatu zuen telesailaren 4. denboraldia 2021era arte atzeratuko zela, martxoan filmaketa lanak eten egin zirelako. Plataforma berak -Huluk- aurten estreinatzeko asmoa zuen beste bi ekoizpenei ere eragin die, Nine Perfect Strangers Nicole Kidmanekin eta The Dropout.

'The Haunting of Bly Manor'

Izenburua ez zaizu agian ezaguna egingo, baina jakin The Haunting of Hill House telesail bikainaren bigarren zatia izango dela. Ekoizleek sareetan aipatu dute "Primeran doa dena. Konfinatu aurretik filmatzen amaitu genuen eta postprodukzio lanak etxetik jarraitu du. Telesaila bikain ari da garatzen, oso pozik gaude". Oraingoz beraz ez dago atzeratuko dutenaren pentsatzeko arrazoirik, eta hori aurten izatea espero da.

 

‘OZARK’

Pandemiak ez dio inolako eraginik ekarri telesailari, hirugarren denboraldia jada grabatua eta emanda dagoelako, eta 4. denboraldiaren (eta azkena) izango denaren grabaketa lanak oraindik ez direlako hasi ere egin. Hori horrela estreinaldia 2021ean zehar izatea espero da.

‘Euphoria’

Martxoaren 11n, Euphoria telesailaren kontu ofizialak bigarren denboraldiko gidoi irakurketaren argazki bat argitaratu zuen eta handik egun gutxira filmaketa bertan behera geratu zela iragarri zuten. Horrek esan nahi du gidoiak prest daudela eta filmatu ahal izatea baino ez dela falta, beraz, itxaron egin beharko da.

‘La casa de papel’

Ofizialki, Netflixek ez du iragarri La casa de papel berrituko duenik, baina 5. eta 6. denboraldiak egongo direla jakina da. Izan ere, telesailaren etorkizuna baieztatu ez badute ere, COVID-19ren ostean berriro filmatzen ari ziren aktoreen bideoan sartu zituzten protagonistak.