Ze plan Loraldirako?

Ze plan Loraldirako? Oraindik ez dakizula zer dakarren aurtengo edizioak? Lasai, hilaren 26ra bitartean baduzu zer aukeratu; hemen gure gomendioak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-loraldirako/@@download/image/28f39c23-848d-4dcb-91fe-35742aeb5d5a.jpeg
2018/03/06
berria
Oraindik ez dakizula zer dakarren aurtengo edizioak? Lasai, hilaren 26ra bitartean baduzu zer aukeratu; hemen gure gomendioak!
Ze plan Loraldirako?

120 sortzaile baino gehiago batuko ditu martxoaren 5etik 26ra bitartean Loraldia jaialdiak. 30 saio antolatu dituzte guztira, Bilboko 20 gunetan, eta estreinaldiak edo lan berriak izango dira gehienak. Lau sormen-haizetara lelopean, euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira eta egun horietan zehar disko, teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango dituzte. Gainera, horietako batzuk Loraldian baino ez dira egingo eta ez dira berriro errepikatuko. Erabateko luxua!

 

Egitaraua osorik ikusi nahi baduzu, hemen duzu: LORALDIA 2018. Bestela, hauek dira GAZTEZULOren gomendioak!

 

Hilak 8 osteguna: IZARO

GAZTEZULOn kontzertu honetarako sarrerak zozkatu berri ditugu! Izaro izan daiteke gaurko euskal musikagintzaren loraldiaren lorerik nabarmenetako bat. Iaz Loraldian izan zen Biba espazioan. Oraingoan “Eason” bigarren diskoa aurkezteko Arriaga Antzokiara egingo du jauzia. Gazte honen samurtasuna poesiaz beterik dago. Tauletan Iker Lauroba, Ane Bastida eta Oriol Flores izango ditu lagun. Kontzertu honetan emango dio hasiera Euskal Herrian zehar eta Euskal Herritik kanpo emango duen bira handi honi. Info + hemen.

 

Hilak 15, osteguna: HIRU EMAKUME

Arriaga Antzokiko ekoizpena
Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean
Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Ane Pikaza

Arriaga Antzokiak ekoiztu duen antzezlan honen euskarazko emanaldia festibalak eskainiko du. “Hiru Emakume” hiru ahotseko olerki hunkigarri bat da, amatasuna ardatz duena. Ahots bakoitzak amatasuna bizitzeko modu desberdin bat irudikatzen du: lehenengoa, bere burua errealizatzeko ama izan nahi duen emakumea; bigarrena, sufritzen ari dena ezin duelako ama izan; eta hirugarrena, ama dena, gogoz kontra bada ere. Sylvia Plath idazle eta poeta estatubatuarrak ozen irakurria izateko sortu zuen gerraren aurkako olerki feminista hau. Berak 1962an irakurri zuen BBCn, hil baino urtebete lehenago. Orain, Mireia Gabilondok zuzendutako muntaia berri honetan, hiru aktorek hartu dute Plathen lekukoa, bere hitzei ahotsa emateko oholtza gainean. Info+ egin klik.

 

Hilak 17, larunbara: SAGARTU

HIKA – OINKARI

GAZTEZULOn martxoko zenbakian Labean atalean gure protagonistak izan dira. Ez ahaztu Kioskoan eskuratu eta erreportajea irakurtzeaz! Sagarra da sormen-iturriaren abiapuntua dantza eta teatroa uztartzen duen ikuskizun honetan. Sagar kultura itzal luzea izan du gure herrian. Sagarra tentazioa da. Sagardotegiaren mamia. Gosea baretzen du eta aldi berean, sagar gehiagoren gosea piztu. Horrela, sagarrak dantza egiten du eta ikuskizun ikusgarri bihurtu da. Alde batetik, Hika teatro taldearen sormen begiratua eta bestaldetik, Oinkari dantza taldearen oin arin berriztuak. Bi kabi energia handia darion ikuskari handi bat altxatzeko. Festa batean hasi eta festa batean amaitzeko moduan ibiliko gara, umorez, alaitasunez eta bizi-bizi. Info+ egin klik.

 

Hilak 18, igandea: OTEIZAK 110. Kukai + Tanttaka

Kukai dantza taldeak Oteiza berreskuratuko du, ikuskizun berri bat egiteko. Espazio berezietan (antzokitik at) plazaratzeko koreografia da. Euskalduna Jauregiko hormetan Oteizaren arte lanak proiektatuko dira eta publiko artean kokatutako 5 dantzarik koreografia berri bat eskainiko digute Oteiza gogoan. Ikuskizun bakarra (ez da berriro errepikatuko). Dantza Sari Nazionala irabazi ondoren Kukai dantza konpainiak artea eta dantza garaikidea ekarriko du eszenara. Info+ egin klik.

 

Hilak 20, asteartea: DANELE SARRIUGARTE (KATTALIN MINERREKIN). Azala erre

Danele Sarriugarteren Azala erre liburu berriaren aurkezpena. Sare sozialen sasoian, ikuskizunaren gizarte post-industrialean, bi artista, eta artea ulertzeko modu bi, talkan: zenbat da obra eta zenbat artistaren marka? Zer gertatzen da pertsonaia guztiz jabetzen denean pertsonaz? Nola kudeatu arrakasta eta nola porrota? Artistaren galderak XXI. mendearen aurrean, Sarriugarteren nobela berriaren ardatz. Info+ egin klik.

 

Hilak 20, asteartea: IRAGARTZE dokumentala. THINKING FOOTBALL FILM FESTIBALA

Athletic Fundazioarekin elkarlanari esker, Thinking Football Film Festibalaren egitarauan Iragartze izeneko dokumentalaren estreinaldia da. Ikus-entzunezko sormen honen esperientzia burutzeko Euskaltel enpresaren babesa ezinbestekoa izan da. “Iragartze” filmak Iragartze Fernandez izeneko hirugarren mailako arbitro laguntzailearen bizitza eta futbol munduarekiko duen konpromisoa erakusten du. Irene Herrero del Valle zinegilearen aurreneko filma da. Info+ egin klik.

 

Hilak 24, larunbata: BILBRONX. Euskera in da house!

Bronxetik Bilbora ekarri dugun kale kultur eremu honetan hainbat adierazpeni emango diegu lekua: rap eta hip hop kontzertuak, street dantza eta Euskal Herriko BeatBox txapelketa. Kaleko dantzari dagokionez Dena Bilbao taldeak erakustaldi eta tailerra plazaratuko ditu. Rap kontzertuak Gatom kantari bermeotarra (azken lana kaleratu berri), Kirrinka Krew eta Selektah Stepi Meetsen eskutik. Euskal Herriko BeatBox III. txapelketako epaileak Estatu Espainiarrean onenetakoak (Zekkka, Fredy eta Cobli) izango dira gurean eta hauek ere erakutsiko dute euren trebetasuna. Ikuskizunaren gidari eta aurkezle Rayco Sanchez arituko da.