Ze plan? Duragoko Azoka!

Ze plan? Duragoko Azoka! Asteburu honetan ez zara Landako gunetik asko aldenduko! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-duragoko-azoka/@@download/image/1540286911_064479_1540287293_miniatura_normal.jpg
2018/12/06
berria
Asteburu honetan ez zara Landako gunetik asko aldenduko!
Ze plan? Duragoko Azoka!

AHOTSENEA:

Solasaldien gunean hamaika idazle egongo da euren lan berriak aurkezten: Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Gotzon Barandiaran, Katixa Agirre, Edorta Jimenez, Alaine Agirre, Pako Aristi, Idurre Eskisabel, Jon Arretxe eta abar.

Zuzenekoen karpari dagokionez, 70 musikari eta musika talde igoko dira eszenatoki bietara. Aurkezpenik behar ez duten euskal musikaren erreferente ugari egongo dira Ahotsenean, batzuk aipatzearren: Gatibu, Txapelpunk, Hesian, Izaki Gardenak, Nogen, Iker Lauroba, Egurra eta kitto, Skasti, Larregi edo Leihotikan musika taldeak.

Azken urteetan musika talde ezagunetan aritu diren hainbat musikarik ere euren proiektu berria aurkeztuko dute Ahotsenean: Hezurbeltzak (Jon Maia eta Gorka Hermosa), Era Batera (Gatibuko Gaizka Salazar eta Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza) eta Xabi Bandini (Kerobia taldeko abeslaria).

Baina talde ezagunez gain, euren lehenengo diskoa kaleratzen duten taldeak ere egongo dira Ahotsenean, besteak beste: Azalera, Zizel, Polybius, Txost, Rolan Garces, Maddi, Antton Larrandaburu eta bitxiloreak.

Musika estiloei dagokionez, aniztasuna izango da Ahotseneako ezaugarri nagusietako bat: bakarlariak (Josu Bergara, Inun, Eneritz Furyak...), rap edo hip-hopa (Aneguria, Gatom, Bad Sound...) eta abar. Nabarmentzekoa da aurten autoekoizpenek izango duten protagonismoa.

PLATERUENA:

Plateruena kontzertu handien plaza izango da abenduaren 5etik 9ra arte, Durangoko Azokaren baitan. Landako eta gainontzeko guneetako ateak itxi ostean, azokazaleek kulturaz eta giroaz gozatzeko aukera izango dute Kafe Antzokian. Aurten Plateruenak izen handiko bost kontzertu proposatu ditu: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador. Eskaintza anitza, beraz: talde ezagunak, berriak, estilo nahasketa eta abar!

Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin. Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23:00etan, euskal musikaren izen handienetako baten txanda helduko da: Esne Beltza. Abenduaren 7an Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango da, 23:00etan. Hurrengo egunean aurkezpenik behar ez duen talde bat igoko da Plateruenako eszenatokira. 25 urte betetzen dira Anestesiak Gorrotoaren ahotsa diskoa grabatu zuenetik, eta urtemuga ospatzeko biniloa argitaratuko du talde zarauztarrak. Azkenik, Azoka amaitzeko proposamen lasai eta intimoagoa izango dugu abenduaren 9an. Olatz Salvadorrek "Zintzilik" bere lehenengo disko arrakastatsua aurkeztuko du

IRUDIENEA:

Aurten 35 lan ikusgai izango dira azokan; horrekin batera, abenduaren 9an, arratsaldez, DemaS.A, sortzaile amateurren dema izeneko lehiaketa jarriko dute martxan, Euskal Herri guztiko film laburren rally eta lehiaketetako finalisten artean hoberena aukeratuko dute.

KABIA:

Kultura digitala eta teknologia berriekin lotutako hamaika jarduera egongo dira abenduaren 5etik 9ra arte. Tailerrak, aurkezpenak, hitzaldiak... Azken egunerako, baina, ekitaldi berezia prestatu dute. Goizeko 11:00etatik aurrera, Ni naiz!? ekimen artistikoa prestatu du Uztaritze Betelu artistak.

SZENATOKIA:

Lau eguneko antzerki eskaintza zabala antolatu du Szenatokiak; Txarriboda, Baserri eta Inondik inora antzezlanak eta Tomiris, Agur eta Dolore eta Schrodinger-en katua mikro-antzerkiak ikusteko aukera izango da aurtengo Azokan, San Agustin kultur gunean kokatutako espazioan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Arte eta Historia Museoan eta kutxabank.es webgunean.

SAGUGANBARA:

Abenduaren 5etik 9ra arte haur eta familientzako hamaika proposamen egongo dira Saguganbaran: aurkezpenak, ikuskizunak, tailerrak... Bost egunez, familiek egitarau potoloa izango dute txiki eta handien plazan.

Azken egunean, berbarako, ez da aspertzeko astirik egongo. Goizeko 11:00etatik hasita, ipuin kontalarien maratoia egongo da, hainbat ipuin kontalariren eskutik.