Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Eguraldi kaxkarrak ez zaituzte izutuko; hemen dituzue planik onenak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-94/@@download/image/asteburua.jpg
2018/11/08
berria
Eguraldi kaxkarrak ez zaituzte izutuko; hemen dituzue planik onenak!
Ze plan astebururako?

BILBO: Zinebi

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak – ZINEBI 60k azaroaren 9an, arratsaldeko 20:00etan, zabalduko ditu bere ateak Arriaga AntzokianMariano Llinás zinegile argentinarrari Ohorezko Mikeldia emanez, zine garaikidearen nazioarteko panoramako berritzaileenen artean dagoen zinegile horren lan guztian hautematen den sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa aintzatetsiz.

Horrez gain, ZINEBI 60k primizian, hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen La flor filma aurkeztuko du. Azaroaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan. Egitaraua hemen!

BIARRITZ: Aukeran 20 urte

Aukeran Dantza Konpainiak ikuskizun berri batekin ospatu du bere 20. urteurrena. Bertan, begirada berri bat eman die bere azken obretako pieza ezagunenei. Ainhoa Aierbe eta Mixel Ducau eszena eta musika zuzendariekin batera, hurrenez hurren, ikusleak harrituko dituen proposamen eszeniko dotore eta zaindua sustatu du. Biarritzeko Kasinoan topatuko dituzu ostegunean, hilak 8, 20:30ean.

PASAIA: Ikuska 2018

Azaroaren 9tik 17ra bitartean izango da 2018ko Ikuska Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldia. XX. edizio honetan, 3.000 lan baino gehiago jaso dituzte, eta horietatik 30 lehiatuko dira aurtengo sail ofizialean. Lehiaketara aurkeztuko diren film laburrez gain, Mintzalagun euskarazko laburren emanaldia, ‘Emea eta Anitza’ saila eta Moriarti ekoizpen etxearen produkzioaren atzera begirako bat antolatu dituzte, besteak beste.

AZPEITIA: "Maita(k)ale Borroka" + "Cronopia Xpress"

hilaren 8an Katapulta Tour Gipuzkoa Azpeitira iritsiko da bi emanaldirekin. Hain zuzen, Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketaren barruan eskainiko dituzte bi emanaldiak. Aukeratutako obrak Anodino Teatroaren Maita(ka)le borroka eta Noderen Cronopia Xpress dira. Biak euskaraz dira, eta 20:00etan eskainiko dituzte, Sanagustin kultur gunea. Onena? Sarrera irekia dela! Ezin duzu galdu!

BARAKALDO: "Izoztutako haizea bezala"

Larunbatean, hilak 10, zita duzue Barakaldoko Antzokian, 20:30ean. Heriok hiru silaba ditu. Beldurra... Nazka... Arratsaldeko zortziak dira. Tiro hotsa. Neska bat farmazia batetik korrika irteten da. Bizikleta hartu, eta atzera begiratu gabe, pedalei eraginez badoa. Nire aitaren arnasa... Nire oheraino, bost pauso... Tabako usaina. Emakume batek goma bat jartzen du bere autoko ihes-hodian, eta atea ixten du. Norbaitek arriskuan zaudela abisatzen dizu. Poliziaren sirenak entzuten dituzu urruti. Jolastuko gara, eskolan egiten genuen bezala, ea minari gehien nork eusten dion?

Lan honekin, abusuari buruzko istorioei amaiera ematen dio Tanttaka Teatroak; aurretik izan dira Muxua/Un beso eta Giltzadun etxea/La casa de la llave obrak. 

  • Egilea: Rafael Herrero
  • Itzulpena: Aizpea Goenaga
  • Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernués
  • Aktoreak: Nerea Elizalde, Tania Martin, Koldo Olabarri

GETXO: Basabi: "Bakun"

BASABI hainbat mundu artistikotan aritutako 6 musikarik eta dantzari batek osatzen dute. Euren asmoa, purismorik ez duen ikuskizuna eskaintzea da.

Biolina, biola, kontrabaxua, arpa eta txalaparta elkartuz soinu paregabea sortuko da, dantza erritmoari bide emango diona.

Horregatik, Bakun izeneko Basabiren lehenengo ikuskizun honetan, eskaini nahi dutenaren sintesia egiten dute: guztiontzako herri musika.

Sekulako plana larunbaterako, hilak 10. Andres Isasi Musika Eskolara hurbildu 18:00etan eta primeran pasa!