Ze plan astebururako?
Otsailean sartu berri gara; goazen planik onenekin ospatzera!
BILBO: Libe eta MICE
Hil berria ondo hasteko, gerturatu zaitez ostegun honetan, hilak 1, Bilboko Kafe Antzokira. 20:00etatik aurrera, Libe eta MICE taldeen musikaz gozatzeko aukera paregabea duzu; duela gutxi hitz egin genuen MICEko Miren Narbaizarekin, eta sekulako itxura du bere lan berriak; ez diguzula sinisten? Irakurri elkarrizketa!
BAIONA: Maskaradak eta Buhameak
Hamar urte hauetan Euskal Herriko buhameak ikertzen ibili ondoren, ostegun honetan, hilak 1, Nicole Lougarotek Xiberoko maskaradak aurkeztuko ditu. Tzigano pertsonaiak erakutsiz (Buhameak, hartz erakusleak, kauterak...), haien historia aipatuko du, ohartuz inongo erresumek ez dutela gustuko bere herritartzat hartua izan dadin. Emanaldia 18:00etan izango da.
OÑATI: Pelax eta Joseba B. Lenoir
Ostiralerako plana egin dizute Pelax eta Joseba B Lenoir musikariek. Antixena gaztetxean bilduko dira, 22:00etan; Pelaxek disko berria aurkeztuko du bere bandarekin, eta B. Lenoirrek azken diskoko kantuak fintzen jarraituko du ohiko laukotean. Adi, ikasle eta langabetuek soilik 3 euro ordainduko dituzte eta!
BERRIZ: Uretako ipuinak
Eneritz Artetxek familia guztiarentzat plana eskaintzen dizu larunbatean, hilak 3. Uretako ipuinak 4 eta 9 urte bitarteko umeei zuzendutako ipuin kontaketa bat da; bertan umeek istorio harrigarri, beldurgarri, zoragarri zein dibertigarriak entzungo dituzte. Hori bai, ipuin horrek guztiak uretatik datoz. Ura bere forma guztietan: Eta pertsonaia guztiek dute bere tokia uretako istorioetan. Lamiek, baleek, marrazoek, olagarroek, itsas gizonek, printzesek, txakurrek... hauek dira niri plastikozko botila batean heldu zitzaizkidan istorioak uretako ipuinak. Zita 12:15ean da, kultur etxean.
ZIGOITI: Isturitzetik Etiopian Barrena
Isturitzetik Etiopian Barrena ikuskizuna Beñat Goitia gasteiztarrak sortutako musika, literatura eta zinearen uztartze bat da. Isturitzetik Etiopiarako, des-paradisurako, deserturako, finean, heriora bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da, azken eztanda jasan arte. Musikaren atalean, euskal arte kostunbristaren eta abangoardiakoaren arteko talkatik sortutako pasarte atmosferikoek bustiko dituzte poesiaren tarteak. Adrian Puck DJ gasteiztarraren elektronika gordinak lagunduko ditu Beñat Goitiaren gitarra sesio intimoak. Amalur edo El mayorazgo de Basterretxe bezalako 60etako filmetatik ateratako irudiek osatuko dituzte denboran atzera eramango gaituzten programazioak. Literatur arloan aldiz, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia izango dira literatura pasarteen sostengu. Kantak, hitzak eta irudia. Diziplina anitzeko kontzertu literario antzeztuaz gozatzeko aukera duzu 19:00etan, Zigoitia aretoan.
Donostia: Arratiarra, baserritik jauregira
Arratiarra, baserritik jauregira dokumental laburraren aurkezpena galduko duzu? Larunbatean 19:30ean, Ruiz Balerdi aretoan (Kutxa Kultur, Tabakalera) egingo dute aurkezpena. Amarenak, kaikua berritzeagatik ezaguna egin zen enpresa donostiarrak, bere hurrengo proiektuaren istorioa kontatzen duen dokumentala aurkeztuko du. Arratiako txamarrotea edo arratiarra, guztiz desagertuta zegoen XIX. mendeko jantzi bat da. Bere garaian garrantzi handia izan bazuen ere, gaur egun ale pare bat eta zenbait argazki bakarrik geratzen zitzaizkigun. Arratiako gizonek (Bizkaia) bere ezkontza egunean janzten zuten, eta, handik aurrera, ekitaldi berezietarako bakarrik erabiltzen zuten. Baserritar gehienek bere bizitza osoan izango zuten jantzi dotore bakarra izaten zen. Hilabetez, Oihane Pardo (Amarenak) jantzi hau eta bere diseinua ikertu du, berritzeko, emakumeen gorputzei egokitzeko eta berriz ekoizteko, azkenean Miramar Jauregian egindako moda iraunkorreko desfilean aurkeztu zuten arte.