Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Egun hauetan 'gafapasta' aurpegia geldituko zaizu plan kultural sorta zoragarri honekin! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-40/@@download/image/62181.jpg
2017/09/21
Egun hauetan 'gafapasta' aurpegia geldituko zaizu plan kultural sorta zoragarri honekin!
Ze plan astebururako?

DONOSTIA: Zinemaldia eta alfonbra gorriaren glamourra

Iritsi da urteroko zita; Donostia galaz jantziko da ostiral honetan, eta hilaren 22tik 29ra bitartean, hirian Hollywoodeko izarrak, zinema zuzendariak eta ikus-entzunezko munduaren izen handiak ibiliko dira pasioan. Glamourrak ez zaitzala itsutu, egunero gustu guztiak asetzeko moduko film eskaintza zabala duzu eta! Zein izango da zure aukera?

BEGIRATU ZINEMALDIKO EGITARAUA

 

ERRENTERIA: Lehorreratu da Atlantikaldia

Kultur lehorreratze itzela dakar Atlantikaldiaren laugarren edizioak. Errenteria musika eta kultur topagune izango da irailaren 21etik 24ra bitartean. Gune ezberdinak antolatu dituzte, eta bertan, Kukai Dantza, Alpha Blondy eta Amparanoia ikusteko aukera izango duzu, besteak beste. Kulturaren festa itzel hau galdu nahi ez baduzu, bota begirada bat egitarauari!

 

 

SOPELA: Sopela Kosta Fest

Delorean euskal taldea izango da Sopela Kosta Fest jaialdiaren laugarren ekitaldiko kartel-burua, kostaldeko herri honetan irailaren 21 eta 24 artean egingo dena. Udaletxeko plazan izango dira emanaldiak, ikusleentzat erabat doan. 

Ostiralean, irailaren 22an, Iparraldeko Willis Drummond taldeak Tabula Rasa izeneko azken lana aurkeztuko du, taldean ohikoak diren gitarra zorrotzekin eta euskaraz abesturiko doinuekin, beti ere 90eko punka gogora ekartzen duten abestiak eskainita. Kataluniako Los Tiki Phantoms taldearen surf-rockak, Señores bilbotarren rock zitalak eta Sara Iñiguez buru duen Rubia taldearen musikak osatuko dute kontzertuen lehen emankizuna.

Larunbatean, irailaren 23an, zarauzko Delorean taldearen erritmo dantzagarriak izango dira Sopela Kosta Fest 2017 jaialdiaren xarma nagusietakoa. Xerezeko Tomasito artista flamenkoaren rocka, Koban donostiarren elektro-swinga, Kokein eibartar rockero zailduak eta Optigan DJ izango dira bigarren jardunaldian arituko diren beste artistak.

Egitarau osoa ezagutzeko prest? Sakatu hemen.

 

 

IRUN: Elena Setién

GAZTEZULO aldizkariko iraileko azala izan dugu Elena Setién; artista honen zuzenekoaz gozatzeko aukera duzu ostiralean, hilak 22, Irungo Liburutegian, 19:30ean. Kontzertu akustikoa izango da, CBAko atarian; eguraldi txarra egiten badu, berriz, printzipioz, kulturguneko sarreran. Sarrera doan izango da, beraz, ez duzu galtzeko aitzakiarik!

 

 

GASTEIZ: Erdi Aroko Azoka

Gasteizen izaten den eskaintza kultural jendetsuenetariko bat da Erdi Aroko Azoka. Erdi Aroko hiriguneko kaleak eta plazak eraldatzen dira, Arabako hiriburua iparraren eta hegoaren arteko bidegurutzea izan zen garaira itzultzen da iraileko laugarren asteburuan zehar.

Eskulangileen berrehun bat saltokik eta erakustokik osatzen dute azoka, gainera lanbideen erakustaldia egiten dute bertan. Errementari, zurgin, urregile, beiragile, okin zein upelgileek garai bateko azoka irudikatzen dute, non antzina bezala, kultura kristaua, arabiarra eta judua bizikide izaten baitira. Azoka girotzen dute fartsa, antzezpen, antzezlan, malabar, txotxongilo, zuzeneko musika eta su zein falkoneria ikuskizunek. Egitaraua osorik topatuko duzu hemen.

 

 

GERNIKA-LUMO: Ertamerikako emakumeak erresistentzian, bizitza duin baten alde argazki-erakusketa

Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak Ekonomia Feminista Mesoamerikarreko Eskola erretratatzen duen argazki-erakusketa bat aurkezten du. Helburua da hainbat errealitate eta ingurunetako emakumeekin euren bizitzako, familiako eta gizarteko sistema kapitalista patriarkalaren eragina lantzea esperientzia garrantzitsu gisa.

Erakusketan Eskolaren esperientzia eta azken urteotan sortutako ekimen berriak irudikatu nahi dira. Gainera, Eskolaren bitartez, Erdialdeko Amerikako emakumeek giza eskubideak nola aldarrikatzen diren erakusten da. Halaber, esperientzia honi esker hegoaldeko emakumeek egin dituzten aurrerapenak eta egitasmoak ere azaltzen ditu. Informazio gehiago hemen.

 

 

BILBO: Ilustrazioa komunikabideetan tailerra, Raul Ariasekin

Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak deialdia egin du Ilustrazio Beka-Mintegien zazpigarren ediziorako. Beka-Mintegi horien bidez, zortzi lagunek aukera izango dute tailer teoriko-praktiko bat egiteko itzal handiko profesional baten eskutik. Aurten Raul Arias gonbidatu dute mintegia ematera. Tailerra Bilbon izango da irailaren 21an eta 22an, goizez eta arratsaldez.

PDF-a

OINARRIAK

IZEN-EMATE ORRIA