Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Abuztuan bete-betan sartuta, badatoz festa handiak... asteburu honetan Gasteizi tokatzen zaio! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-33/@@download/image/zeledon_jaitsiera_EFE_foto610x342.jpg
2017/08/02
berria
Abuztuan bete-betan sartuta, badatoz festa handiak... asteburu honetan Gasteizi tokatzen zaio!
Ze plan astebururako?

GASTEIZ: Badator Zeledon

Abuztuaren 4an, ostirala, Zeledonen jaistearekin batera hasiko dira Arabako hiriburuko Andra Mari Zuriaren festak. Hala, astebetez, parrandaren eta jaiaren hiriburu izango da Gasteiz. Zuzeneko aipagarri batzuk Zea Mays (abuztuaren 5ean Foruen plazan), eta Siroka, Ze Esatek eta Skakeitan (abuztuaren 6an txosnagunean) eta La Sra. Tomasa, Aspencat  eta Tremenda Jauria (abuztuaren 8an txosnagunean) taldeek emango dituzte. Bertsolaritzak ere izango du tartea egitarauan: abuztuaren 5ean, Aihotz plazan, Oihane Perea eta Jon Maia ariko dira. Leku berean, abuztuaren 7an, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Ainhoa Agirrezaldegi eta Unai Iturriagaren txanda izango da. Herri-kiroletako Andra Mari Zuria txapelketa ere, bestalde, egun eta leku horretan bertan izango da. JAI EGITARAU OSOA HEMEN.

 

DONOSTIA: Eneritz Furyak

Txantxarreka gaztetxeko igande akustikoen baitan, Eneritz Furyak bakarlaria Antiguoko auzoan izango da, 19:00etan, bere lan berria aurkezten. Ez galdu musikari honen zuzenekoaz gozatzeko aukera!

 

BIARRITZ: Malandain Ballet

Dantzaz gozatzeko gogoz bazaude, ez galdu Biarritzen Malandain Ballet taldearen emanaldia larunbatean, hilak 5, zezen plazan. 21:30ean hasiko da emanldia, eta 7-20 euroren truke ikuskizun ederraz disfrutatzeko aukera izango duzu!

 

ELIZONDO: Txoriak

Bada Elizondon galdu ezineko dantza ikuskizuna ere. Mikel Laboaren kantuak abiapuntu hartuta, Dantzaz taldeak koreografia garaikide ederederra sortu zuen itsas bazterrean, Lekeitioko Kale Antzerki Nazioarteko Jaialdiaren laguntzaz. Mikel Laboaren ahotsa entzuteko aukera izango da, eta Dantzaz taldeko dantzarien interpretazioak Donostiako kantariaren lurraldera eramango ditu bertaratutakoak. Laboaren lan berritzaileena, Elizondoko paisaian.

Dantzaz taldearen ekoizpena, Mikel Laboaren musika, Josu Mujikaren koreografia eta Iñaki Salvadorren laguntza musikalarekin, Txoriak Mikel Laboaren unibertsoan murgiltzen da: askatasuna, osasun mentala, besteekiko harremanak... Obra horrek edertasunera eta artera hurbilduko ditu ikusleak.

 

 

BILBO: KREMLIN DJS

Larunbatean, hilak 5, DJen doinu dantzagarriekin jantziko da Bilboko Kremlin Aretoa. 23:00etan duzu zita, eta sarrera doan izango da. Astindu gorputza! Informazio guztia hemen.
 
 
DONOSTIA: Glad Is The Day #3
Hirugarrenez, hemen da Glad Is The Day. Abuztuaren 6a, igandea, musikaz, DJ saioz eta azoka giroz beteko da Cristina Enea parkea. Egun osoan zehar kontzertuek, jatekoak eta edatekoak, azokak eta festa giroak kutsatuko dute hiriko bazter hau. Doako jaialdia da eta, 12:00tan hasita, gauera arte luzatuko da. Eszenatokira momentuko banda ezagunenetako batzuk igoko dira, hala nola, Yo Ciervo, Todos tus muertos, Liher, Luma, Los Bengala, María Arnal i Marcel Bagés, Drumkopters, Grises eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies. Asteburua ondo amaitzeko!